Itxi

Reala

Berritasuna

Realeko zaleek 'kamiseta inteligenteak' izango dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Deskontuak eta promozioak eskainiko ditu, eta, denborarekin, Reale Arena estadiora sartzeko balio izango du. Helburua, 2020an etxean jokatuko duten lehen partidan erabili ahal izatea da.

  • Realeko zaleak, taldearen gol bat ospatzen

    Realeko zaleak, taldearen gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.

Taldearen kamiseta harro jantzi ohi dute zaleek, baina, Realaren kasuan, klubak esperientzia hori aberatsagoa bihurtu nahi du, kamiseta deskontuak eta promozioak lortzeko, zelaira sartzeko eta garraio publikoa ordaintzeko balio izatea lortuz.

Donostiarrek etiketa inteligente bat aterako dute laster, zaleek euren kamiseta ofizialetan jartzeko. Saltzen diren kamiseta berriek etiketa hori jarrita izango dute. Etiketa hori aplikazio batekin lotu beharko da eskainitako zerbitzuez aprobetxatu ahal izateko.

"Partida egunetan, zalea zelaira iristen denean, bere telefonoan jakinarazpen bat jasoko du: 'irakur ezazu zure etiketa'. Irakurketa egiterakoan, neurketa horretarako indarrean dauden kanpainen berri izango du", azaldu du Juan Iraola Realeko Transformazio Digitaleko zuzendariak.

Klubaren plana abenduko azken astean 10.000 etiketa ateratzea da. Etiketa horiek Realaren bi denda ofizialetan erosi ahal izango dira, Realen Arenan eta Donostiako Elkano kalean. Horrela, aurtengo denboraldiko kamiseta ofiziala duten zaleek etiketa horiek euren kamisetetan itsatsi ahal izango dituzte.

Helburua, zaleek etiketa horiek erabili ahal izatea da 2020an Realak etxean jokatuko duen lehen partidan: urtarrilaren 5ean, 14:00etan, Vila-realen aurka.

"Lehenengo eskaintzak estadio barruko kontsumo gaietan aplikatutako deskontuak izango dira, baita Realeko dendako produktu batzuetan ere. Horrez gain, zozketak eta estadiotik kanpo erosi ahal diren gaietarako deskontuak ere egongo dira. Gure asmoa eskaintza handitzea da, denboraldiak aurrera egin ahala", zehaztu du Iraolak.