Itxi

Reala

112 milioiko aurrekontua

Realeko akziodunek aho batez onartu dituzte klubeko kontuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jokin Aperribay buru duen zuzendaritzak eguneko gai-zerrendako puntu guztiak atera ditu aurrera % 98tik gorako babesarekin.

4:18
Jokin Aperribay. Argazkia: EiTB

Realeko akziodunek erabateko babesa eman diote Administrazio Kontseiluaren jarduerari astearte honetan, Kursaal Jauregian egindako Akziodunen Batzar Nagusian.

Batzarrean zehar jorratu den gai-zerrendako puntu guztiek akziodunen erabateko babesa jaso dute (% 98tik gorakoa). Hala, Administrazio Kontseiluak aurrera atera ditu, bai 2018/2019ko kontuak (% 98,78ko babesa), bai 2019/2020rako aurrekontua (% 98,76ko babesa), baita Reale Arena Estadioaren berrikuntzarako inbertsioaren eta finantziazioaren eguneratzea ere (% 98,63ko babesa).

Batzarrean, kapital sozialaren % 34 izan da ordezkatuta.

Horrenbestez, Realeko zuzendaritzak aurrera atera dituen kontuek 112,6 milioi euroko diru-sarrerak aurreikusten dituzte datorren ekitaldirako, eta 104 milioiko gastuak. Horrek 8 milioitik gorako superabita ekarriko luke, batez ere telebista-eskubideei esker.

Atal horretatik 56 milioi euro heltzea aurreikusi du Gipuzkoako erakundeak, aurten baino bi gehiago. Kopuru hori klubeko jokalari profesionalen soldatak ordaintzeko erabiliko duen kopurutik gertu dago, 52 milioi beharko baitituzte horretako.

Eguneko gai-zerrendako hirugarren puntuaren gainean (zelai berriaren proiektura diru gehiago bideratzeko proposamena) zegoen jarrita eguneko interes handiena, errezelorik handiena pitz zezakeena baitzen. Alabaina, akziodunek zalantzarik gabeko oniritzia eman diote. Horrela, iraganeko ekarpenak eta bazkideek gaur baimendutakoak (8 milioi euro) kontuan hartuta, klubak 64 milioi euro inbertituko ditu guztira Reale Arenan, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, 14 milioi, bien artean.

Aperribay, harro

Aperribay presidentea harro agertu da zuzentzen duen klubak aurkeztu dituen zenbakiekin. 2008an klubaren ardura bere gain hartu zuenetik, hamar aldiz lortu du klubeko kontuek "superabita" dutela ixtea, bertan nabarmendu duenez.

Bazkideei zuzendutako hitzaldian adierazi duenaren arabera, duela lau urte "mugarria" jarri zuten Anoeta birmoldatzea onartuta, eta "orain handiagoak eta konprometituagoak" direla gaineratu du.

Horrez gain, abonatuen kopuruak gora egin duela azpimarratu du: "Birmoldaketaz geroztik, 10.000 bazkide gehiago lortu ditugu. Orain 34.119 gara, eta erreforma honek kluba handiago bihurtuko du".