Itxi

Reala

Granadari irabazita (1-2)

Reala Ligako liderra da Bartzelonarekin eta Real Madrilekin batera

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Granadaren aurka, eta 22 punturekin Ligako sailkapenaren gorenean da.

  • Willian Jose, Portu eta Sangalli. Argazkia: EFE

    Portu, Granadari sartu dizkion bi goletako lehena ospatzen. Argazkia: EFE

Realak garaipena lortu du Granadaren aurka (1-2) Carmenes zelaian, eta Ligako liderra da Bartzelonarekin eta Real Madrilekin berdinduta. Hiru taldeek 22na puntu dituzte.

Hasieratik, Realak argi utzi du baloiaren jabetza nahi zuela, baina lehen minutuetan ez du lortu abagune argiak sortzea. Granada aurkariaren zain egon da, baina Andaluziako taldeak izan du lehen gol-aukera, Remiro atezainak desbideratu duen Yangel Herreraren jaurtiketa bortitz batekin. Talde txuri-urdina Granada baino hobeto jokatzen ibili da, baina abaguneak ezin sortuta. Hala ere, neurketan izan duten lehen aukeran, gola sartu dute txuri-urdinek; Oyarzabalek baloia lapurtu du, pase ona eman, eta Portuk 0-1ekoa egin du.

Gola sartu ostean, nagusi izaten jarraitu du Realak, eta 24. minutuan jokaldi polemikoa etorri da: Granadako jokalaria den Nevak Realaren erdiraketa desbideratu du area barruan, eskuarekin edo saihetsarekin, penaltia eskatu dute talde txuri-urdineko jokalariek, epaileak jokaldia errepikatuta ikusi du zelaiaren hegalean kokatutako telebistan, eta penaltirik ez dela egon erabaki du. Jokaldi horrek nahasi egin du Reala, eta Granadak abisua eman du Remirok gelditu duen Vadilloren jaurtiketarekin. Protagonista berdinak izan ditu 36. minutuko jokaldiak; oraingoan, ordea, Vadillok gola sartu du faltaz (1-1), Remiro gaindituta. Talde donostiarreko atezainak huts egin du baloia aldentzerakoan, eta aurkariak partida berdindu du.

Bigarren zatia oso lehiatua izan da, lehenengoa baino pixka bat itxiagoa, eta abaguneak urriak izan dira bi taldeen aldetik. Realak baloiaren jabetza izan du, eta arriskua sortu du Granadaren ate inguruan, erremateak egin gabe: Monreal area ingurura gerturatu da, baina ez du jaurtiketa egiteko astirik izan, eta Le Normand ez da iritsi Oyarzabalen pase on batera. Granadak, bestalde, arriskua eraman du Azezen bitartez kontraerasoetan, baina ez du gol-aukera argirik sortu.

Bana berdinduta heldu da neurketa azken minutuetara, eta, partidako 89. minutuan, Januzajek pase sakona eman dio Porturi, eta honek gola sartu du (1-2), Rui Silva atezaina maisuki gaindituta. Golaren ostean ez da ia ezertarako denborarik egon, eta hiru puntuak Realak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Granada: Rui Silva; Victor Diaz, Domingos Duarte, German, Carlos Neva; Yan Eteki (Fede Vico, 69. min), Yangel Herrera, Azeez; Vadillo (Quini, 84. min), Antonio Puertas (Machis, 59. min) eta Carlos Fernandez.

2 - Reala: Remiro; Zaldua, Le Normand, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Sangalli (Januzaj, 8. min4); Oyarzabal, Portu (Guevara, 92. min) eta Willian Jose (Isak, 66. min).

Epailea: Eduardo Prieto Iglesias. Txartel horiak atera dizkie Le Normand (33. min) eta Willian Jose (35. min) Realeko jokalariei.

Golak: 0-1, Portu (21. min). 1-1, Vadillo (36. min). 1-2, Portu (89. min).