Reala
3-2
Realak galdu egin du Sevillaren aurka eta lidergoa eskuratu gabe geratu da
Erredakzioa
Talde txuri-urdina irabazten hasi da Sanchez Pizjuanen, baina azkenean porrota jaso du, 3-2ko emaitzarekin.
-
Navas eta Oyarzabal, Sevilla - Reala (3-2) partidan. Argazkia: EFE
Realak porrota jaso du Sevillaren aurka (3-2) Sanchez Pizjuanen, Santander Ligako zazpigarren jardunaldiko norgehiagokan. Ondorioz, lidergoa eskuratu ezinda geratu da talde txuri-urdina, eta bosgarren postuan dago orain, 13 punturekin, Bartzelonarekin eta Sevillarekin berdinduta.
Hasiera ezin hobea eman dio Realak neurketari, laugarren minutuan Oyarzabalek 0-1ekoa sartu baitu. Januzajek baloia lapurtu, pasea eman eta jokalari gipuzkoarrak ez du huts egin. Sevilla gaizki pasatzen ibili da, baina Nolitok partida berdindu du (1-1) 18. minutuan. Berdinketaren ostean, etxeko taldea nagusi izan da, baina ez du asmatu Moya atezainaren aurrean.
Bigarren zatiari itzel ekin dio Sevillak, eta 47. minutuan Ocamposek 2-1ekoa egin du. Maldan gora jarri zaio neurketa Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeari, eta Sevilla izan da jaun eta jabe. Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldeak abagune asko izan ditu hirugarren gola sartzeko, baina ez du asmatu. Jordanen jaurtiketa, adibidez, zutoinera joan da, etxeko taldearen oso aukera argian. Ondoren, Franco 'Mudo' Vazquezek 3-1ekoa sartu du, zelairatu berritan. Norgehiagokako 87. minutuan, Portuk esperantza eman dio Realari 3-2koa eginda, baina talde txuri-urdinak ez du berdintzeko denborarik izan azken txanpan.
Fitxa teknikoa:
3 - Sevilla: Vaclik; Jesus Navas, Kounde, Diego Carlos, Reguilon; Ocampos (Pozo, 70. min), Fernando, Ever Banega (Franco Vazquez, 79. min), Oliver Torres (Jordan, 62. min), Nolito eta De Jong.
2 - Reala: Moya; Zaldua, Llorente (Merino, 46. min), Aritz Elustondo, Monreal; Zubeldia, Zurutuza (Isak, 62. min), Odegaard; Oyarzabal, Januzaj (Portu, 55. min) eta Willian Jose.
Golak: 0-1, 4. min: Oyarzalbal. 1-1, 18. min: Nolito. 2-1, 47. min: Ocampos. 3-1, 80. min: Franco Vazquez. 3-2, 87. min: Portu.
Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Odegaard (57. min) Realeko jokalariari, eta Fernando (59. min) Sevillako futbolariari.