Reala
Garaipena, Anoetan
Realak bolada txarra eten du, Getaferi irabazita (2-1)
Agentziak | Erredakzioa
Willian Jose, penaltiz, eta Mikel Oyarzabal izan dira donostiarren golegileak. Samu Saizek aldea murriztu du partidako azken minutuetan.
-
Realeko jokalariak, Oyarzabalen gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Realak 2 eta 1 irabazi dio Getaferi Anoetan, polemika puntua izan duen neurketan. Getafeko jokalariek protesta egin dute 75. minutuan Jaime Matari penaltia egin diotela iritzita, baina epaileak ez du halakorik adierazi.
Gaur lortutako hiru puntuek Lehen Mailan jarraitzea ia-ia ziurtatzen diote talde donostiarrari. Bolada txarrean iritsi dira Imanolen jokalariak madrildarren aurkako partidara, azken 10 neurketetan garaipen bakarra lortuta, eta zaleak ere haserre izan dituzte Vila-realekin galdu zutenetik.
Bordalasek Anoetan jokatzeko prestatutako estrategia bertan behera geratu da epaileak gipuzkoarren aldeko penaltia adierazi duenean, Merino area barruan erori, eta VAR sistemako laguntzaile teknikoarekin kontsultatu ostean. Willian Josek jaurti du penaltia, eta baita gola egin ere.
Bigarren zatia lehiatuagoa izan da. Mata gehiago sartu da jokoan, eta Getafe markagailua parekatzear zegoen Realak bigarren gola egin duenean.
Jokaldia Realeko hiru aurrelariek egin dute. Willian Josek baloia erdiratu du, Oyarzabalek ondo hartu du lekua area barruan, eta horren jaurtiketa madrildarren atean sartu da.
Markagailuan 2-0eko emaitza zegoela, norgehiagoka alde jarri zaio Realari, baina Getafek ez du amore eman, eta arriskua sortzen jarraitu du.
Azkenean, madrildarren lanak saria izan du, eta Samu Saizek gol izugarri polita sartu du 89. minutuan. Rullik ezin izan du ezer egin Getafeko jokalariaren jaurtiketa ederra gelditzeko.
Fitxa teknikoa
2 - Reala: Rulli; Zaldua, Moreno, Aritz, Muñoz; Rubén Pardo (Zubimendi, 84. min), Sangalli (Sandro, 66. min), Merino; Barrenetxea (Juanmi, 91. min), Willian José eta Oyarzabal.
1 - Getafe: Soria, Cabrera, Ignasi (Molina, 44. min), Djené, Damián; Olivera, Maksimovic, Flamini (Samu Saiz, 62. min), Shibasaki; Mata eta Hugo Duro (Ángel, 46. min).
Golak: 1-0, 22. min: Willian José, penaltiz 2-0, 53. min: Mikel Oyarzabal. 2-1, 89. min: Samu Saiz.