Itxi

Reala

30. JARDUNALDIA

Oyarzabalek garaipenaren bidera itzuli du Reala (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eibarko jokalariak 82. minutuan lortu du txuri-urdinen bigarren gola, eta garaipenik gabeko bost partidako bolada eteteko balio izan du.

  • Mikel Oyarzabal bere gola ospatzen.

    Mikel Oyarzabal bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak irabazi egin dio Betisi (2-1) ostegun honetan, asko sufrituta izan bada ere, norgehiagokaren azken txanpan Mikel Oyazarzabalek sartutako golari esker, eta, modu horretan, atzean utzi du garaipenik gabeko bost partidako bolada txarra.

Betisek indartsu ekin dio neurketari, eta Realak, aldiz, indarge. Ondorioz, andaluziarrak izan dira nagusi hastapeneko minutuetan, eta oso gertu izan dute gola zortzigarrenean, baina Rullik ondo geratu du Lorenen errematea.

Aitzitik, berehala agortu zaio erregaia Quique Setienen taldeari, eta Realak, hori baliatuta, lehiaren kontrola hartu du. Hamabosgarren minutuan, Juanmiren burukada batek ondoren etorri behar zenaren abisua eman die bisitariei. Bi geroago, txuri-urdinek prestatutako jokaldi bat gauzatu dute korner batean, eta Juanmik baloia bete-betean jo ez badu ere, Betisen sareetan amaitu du.

Andaluziarrek erasoari ekin diote berriro, txuri-urdinak kontraeraso bat noiz harrapatuko zuten zain zeuden bitartean. Willian Jose brasildarrak izan du aukera modu horretan, baina bere ahaleginari erantzun ona eman dio Pau Lopezek.

Ondoren, lehen zatiaren azken txanpan, Lo Celso eta Canalesek izan dituzten aukerek garbi erakutsi diete etxekoei norgehiagoka guztiz irekita zegoela oraindik.

Realean aritutako Sergio Canales izan da, hain zuzen ere, berdinketaren gola sartu duena bigarren zatitik hamar minutu igaro direnean.

Setien ez da berdinketa horrekin konformatu, eta Jese eta Joaquin zelairatu ditu partida irabazteko asmoz. Azken horrek bere abagunea izan du, baina etxekoen atezain argentinarra atera da garaile bien arteko lehiatik.

Partida zoratu egin da, eta Betisek Realaren atea setiatzen zuen arren, atzealdean hutsak egin ditu tarteka. Halako batean, Juanmi bere bigarren gola egiteko zorian egon da, baina zelaiaren zati handi bat baloia kontrolpean zuela igaro eta gero, bere saiakera ezerezean geratu da.

Azkenerako, Reala izan da golaren saria idoro duen taldea. Juanmik erdiraketa ederra jarri Oyarzabali Betisen defentsa lo harrapatuta, eta eibartarrak primeran gainditu du Betisen atezaina.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Rulli, Zaldua, Llorente, Aritz, Muñoz (Theo, 75. min), Zubeldia, Sangalli (Sandro, 62. min), Merino, Juanmi, Oyarzabal, Willian Jose (Barrenetxea, 81. min).

1 - Betis: Pau Lopez, Sidnei, Feddal, Mandi, Barragán, Tello (Lainez, 76. min), Guardado, Willian Carvalho, Canales, Lo Celso (Joaquin, 66. min), Loren (Jese, 66. min).

Epailea: Medir Jimrnez. Txartel horiak: Llorente eta Zaldua (Reala); Guardado, Barragan eta Lo Celso (Betis).

Golak: 1-0, 17. min: Juanmi. 1-1, 56. min: Canales. 2-1, 82. min: Oyarzabal.