Reala
LEsioa
Zurutuzak min hartu du entrenamenduan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Airean dago Valladoliden aurkako neurketan jokatzeko moduan egongo den.
-
David Zurutuza. Argazkia: ETBko bideo batetik lortutako irudia
David Zurutuza Realeko erdilariak min hartu du eskuineko hankan, talde txuri-urdinak asteazken honetan Zubietan egin duen lan-saioan. Horrenbestez, ez da ziurtzat jotzen datorren igandean Valladoliden aurka donostiarrek jokatu beharreko lehian egoteko moduan egongo den.
Talde Donostiarreko iturriek baieztatu dutenez, Zurutuzak eskuin hankako izterraren aurrealdean hartu du min, koadrizepsaren inguruan, baloi bat erdiratu eta gero.
Ostegun honetan, probak egingo dizkiote jokalariari, zer daukan zehatz-mehatz jakiteko, eta, hartara, Imanol Alguacil entrenatzaileak Valladoliden aurkako igandeko neurketan erabiltzeko moduan izango duen ala ez.
Zurutuza jokatzeko moduan izango ez balitz, Imanolen buruhausteak areagotu egingo lirateke zelai-erdiko jokalariak hautatzerako orduan. Izan ere, Asier Illarramendi kapitainak lesionatu jarraitzen du, eta Mikel Merino nafarra zigortuta dago txartel horiak pilatzeagatik.
Haatik, gerta daiteke Willian Jose aurrelaria bueltan izatea, aste honetan entrenamenduetara itzuli baita azken lesioaren ostean. Jose Zorrilla zelaian jokatuko balu, 100 neurketa beteko lituzke brasildarrak elastiko txuri-urdinarekin. Jokalariak berak klubaren webgunean azaldu duenez, "ez da erraza" kopuru horretara iristea.