Itxi

Reala

25. JARDUNALDIA

Realak puntu bat lortu du Montilivin (0-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Imanol Alguacilen taldeak zortzi partida daramatza galdu gabe, lau garaipen eta lau porrot pilatuta.

  • Zurutuza Dougla Luizekin lehian.

    Zurutuza Dougla Luizekin lehian. Argazkia: EFE

Realak eta Gironak hutsean berdindu dute (0-0) astelehen honetan, Montilivin, Santander Ligako 25. jardunaldiari zegokion partidan. Norgehiagokan zehar anitzak izan dira talde biek izan dituzten aukerak, baina ezin izan dituzte gol bihurtu. Emaitza horrekin donostiarrek Europako postuetatik gertu jarraitzen dute; katalanak, berriz, jaitsieratik bost puntura daude.

Ikusteko moduko lehen zatia jokatu dute bi taldeek. Lehen minutuetan, Cristhian Stuani aurrelariak gertu izan du gola, falta baten ostean egindako burukadaren bidez, baina Rullik kornerrera aldendu du baloia atzamar puntekin. Geroago heldu da 'Choco' Lozano hondurastarraren abagune garbia, eta horrako horretan ere Realaren atezaina ezin hobeto aritu da arriskua aldentzeko garaian, bere ezkerreko hankaz baliatuta.

Txuri-urdinei dagokienez, Juanmi saiatu da Gironako atzelariak ezustean harrapatzen; hala ere, haren jaurtiketa sarearen aldamenetik kanpora joan da. Sandro ere ahalegindu da Bono gainditzen, Mikel Merinok sakonean emandako baloi batean, baina kanariarra ez da finegi ibili.

Norgehiagokaren erritmoak behera egin du atsedenalditik bueltatu direnean, eta partidak ez du bizitasunik berreskuratu bigarren zatiaren erdialdera iritsi arte, hau da, Stuani area barruan errematatzeko zorian zegoela, Diego Llorentek baloia kornerrera bidali duen arte, hain zuzen ere. Uruguaitarra izan da, beste behin ere, Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldearen arrisku handiena sortu duena.

Aitzitik, etxekoen gol aukera nabarmenena Borja Garciaren jaurtiketa batean iritsi da. Pere Ponsek jokaldi bikaina egin du eskuin aldetik, area barruan sartu da Realeko atzelari bati baloia hankapetik pasatu ostean, eta arrisku bizia zeraman erdiraketa egin du area erdialdera. Stuanik baloia pasatzen utzi du lasterka zetorren Garciak jo zezan, baina haren zartakoa Rulliren ate gainetik atera da, dena bere alde zegoela zirudienean.

Azkenerako, ez da aldaketarik izan markagailuan, eta talde bakoitzak puntu banarekin konformatu behar izan du. Horrenbestez, Imanol Alguacilen taldeak zortzi neurketa daramatza galdu gabe, 35 puntu bildu ditu eta Europako postuetatik bi puntura dago. Gironak, aldiz, 28 puntu ditu, eta bosteko tartea dauka jaitsiera tokietatik.

Fitxa teknikoa:

0 - Girona: Bono, Jonas Ramalho, Pedro Alcala, Juanpe, Raul Garcia Carnero, Douglas Luiz (Pere Pons, 69. min), Portu, Aleix Garcia, Alex Granell, Choco Lozano (Borja Garcia, 65. min) eta Cristhian Stuani (Seydou Doumbia, 85. min).

0 - Real Sociedad: Geronimo Rulli, Joseba Zaldua, Diego Llorente, Raul Navas, Aihen Muñoz, Mikel Merino (Hector Moreno, 87. min), Igor Zubeldia, David Zurutuza (Ruben Pardo, 78. min), Mikel Oyarzabal, Juanmi (Jon Bautista, 72. min) eta Sandro Ramirez.

Epailea: Eduardo Prieto Iglesias. Txartel horiak: Stuani, Lozano,, Douglas Luiz eta Alex Granell (Girona); Mikel Merino (Real Sociedad).