Reala
Valentziaren aurka (0-0)
Realak puntu bat eskuratu du Mestallan
eitb.eus
Talde txuri-urdinak golik gabe berdindu du Valentziaren aurka, eta sei partida jarraian daramatza porrotik jaso gabe.
-
Januzaj eta Garay, Valentzia - Reala partidan. Argazkia: EFE
Realak berdindu egin du Valentziaren aurka (0-0), Mestallan. Partida oso parekatua izan da, eta talde donostiarrak sei partida jarraian daramatza porrotik jaso gabe. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak 31 puntu ditu, eta Europako postuetatik (Betis, 32 puntu) puntu bakarrera dago, Alavesek (32 puntu) astelehenean jokatu behar duen arren.
Bizi eta erasokor ekin dio neurketari Realak. Talde txuri-urdinak baloiaren jabetza izan du, baina bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea. Neurketako 17. minutuan izan du Realak gola sartzeko lehen aukera; korner baten ostean Januzaji iritsi zaio baloia, baina belgikarraren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta. Valentziaren erantzuna bi minutu beranduago heldu da, baina Rulli atezainak arazorik gabe gelditu du Kondogbiaren errematea. Ordutik aurrera batek ere ez du gol-aukera argirik izan, eta golik gabeko berdinketarekin iritsi da neurketa atsedenaldira.
Bigarren zatiak lehenengoak baino erritmo biziagoa izan du, baita abagune gehiago ere. Realak eman du lehen abisua, baina Willian Jose ez da hegaletik zetorren erdiraketari errematea egitera iritsi. Minutuak aurrera joan ahala, Valentzia abaguneak sortzen eta nagusitzen hasi da. Rulli atezainak Kondogbiaren jaurtiketa bat gelditu du, eta 65. minutuan, Gameiroren erremate bat oso gutxigatik joan da kanpora. Rodrigok aukera bikaina izan du 71. minutuan, baina Valentziako aurrelariaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Sufritu egin du talde txuri-urdinak partidaren azken txanpan. Hala ere, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea sendo mantendu da defentsako lanean, eta Valentziaren erasoak gelditzea lortu du. Neurketa golik gabe amaitu da, eta puntu bana eskuratu dute taldeek.
Fitxa teknikoa:
0 - Valentzia: Neto, Piccini, Garay, Roncaglia, Gaya, Carlos Soler, Parejo, Kondogbia (Coquelin, 62. min), Cheryshev (Guedes, 75. min), Santi Mina (Rodrigo, 66. min) eta Gameiro.
0 - Reala: Rulli, Zaldua, Llorente, Raul Navas (Hector Moreno, 59. min), Theo Hernandez, Januzaj (Sandro, 75. min), Illarramendi, Zubeldia, Merino (Sangalli, 66. min), Oyarzabal eta Willian Jose.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Santi Mina eta Piccini Valentziako jokalariei, baita y Theo, Illarramendi, Zaldua eta Sandro Realeko futbolariei ere.