Itxi

Reala

2-2

Realak puntu bat eskuratu du Vallecasen

eitb.eus

Talde txuri-urdina bi eta huts galtzen hasi da Rayo Vallecanoren aurka, baina partida bina berdinduta amaitu da. Hector Moreno eta Willian Jose izan dira Realeko golegileak.

  • Sangalli eta Alejandro Moreno. Argazkia: EFE

    Sangalli eta Alejandro Moreno, Rayo Vallecano - Reala partidan. Argazkia: EFE

Realak bina (2-2) berdindu du Rayo Vallecanoren aurka, eta puntu bat eskuratu du. Maldan gora jarri zaio neurketa talde txuri-urdinari, 2-0 galtzen hasi baita, baina norgehiagoka berdintzea lortu du azkenean.

Oso gaizki ekin dio Realak neurketari. Motel eta aurkariaren zain egon dira txuri-urdinak lehen minutuetan. Ondorioz, Rayo izan da baloiaren jabe, eta Madrileko taldeak lehen minututik sortu du arriskua Rulli atezainak defendatutako ate inguruan. Madrileko taldearen ekinak saria jaso du, 22. minutuan Comesañak sartu duen golari esker (1-0). Rayoko jokalariak area kanpotik egin duen jaurtiketa sare barrura bidali du, Rulli atezaina gaindituta.

Lehen gola hartu ostean, Realak ez du jokoa hobetu. Lehen gola jaso eta sei minutu beranduago, 28. minutuan, Embarbak 2-0ekoa sartu du; Rayok azkar atera du hegaleko sakea, Embarbak baloia hartu, area barruan sartu, eta Rulli gainditu du, maisuki.

Bigarren gola hartu ondoren esnatu da Reala eta nagusi izan da atsedenaldira iritsi aurreko azken 15 minutuetan. Oyarzabalek langa gainetik kanpora bidali du jaurtiketa bat, eta, 39. minutuan, Hector Morenok 2-1ekoa egin du, korner bat buruz sare barrura bidalita.

Bigarren zatiko lehen minutuetan Rayo Vallecano izan da nagusi. Ondoren, Reala izan da baloiaren jabe. Hala ere, bi taldeei asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Norgehiagokaren bigarren zatia oso parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. Zubeldiak izan du berdinketaren gola sartzeko aukera 77. minutuan, baina errematea kanpora bidali du gutxigatik. Azken txanpan golaren bila jo du Realak. Talde txuri-urdinari kosta egin zaio abaguneak sortzea, baina, 82. minutuan, gola sartu du; Oyarzabalek pase sakona eman du, Dimitriesvki atezainak baloia ukitu du, baina ez du ondo aldentzea lortu, eta Willian Josek ez du barkatu area barruan (2-2).

Azken 12 minutuak oso eraoak izan dira Vallecasen. Bi taldeek garaipenaren bila jo dute, eta Rayok abagune bikoitza izan du 88. minutuan; Rullik erantzun bikaina eman dio Raul de Tomasen falta jaurtiketari lehenengo, eta Vallecaseko taldearen beste gol bat eragotzi du jarraian. Reala ere saiatu da amaierako minutuetan, baina abagune argirik sortu gabe.

Fitxa teknikoa:

2 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Advíncula, Amat, Velázquez, Abdoulaye, Alex Moreno; Embarba (Bebé, m.62), Imbula (Medrán, m.77), Comesaña, Trejo (Pozo, m.85); y Raúl de Tomás.

2 - Reala: Rulli; Aritz, Llorente, Hector Moreno, Theo Hernandez; Illarramendi, Zubeldia; Januzaj, Sangalli (Sandro, 74. min), Oyarzabal; eta William Jose (Juanmi, 82. min).

Golak: 1-0: 22. min, Comesaña; 2-0: 27. min, Embarba; 2-1: 39. min, Hector Moreno; 2-2: 81. min, William Jose.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Rayoko Velazquez (76. min) eta Dimitrievski (88. min) jokalariei, baita Realeko Llorente (87. min) futbolariari.