Itxi

Reala

19. jardunaldia

Realak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Anoetan (3-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinek 25 puntu dituzte, eta zortzigarren dira (Europatik hiru puntura) sailkapenean bi garaipen jarrian kateatu eta gero.

  • Realaren jokalariak bigarren gola ospatzen

    Realaren jokalariak bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak Liga denboraldiko bigarren garaipena lortu du astelehen honetan Anoetan, Espanyolen aurka, joan-etorrikoa izan den norgehiagokan (3-2).

Imanol Alguacil Realeko¿ entrenatzaile berriak ilusioa ekarri die zale txuri-urdinei, eta taldea ere suspertu egin da. Hainbeste suspertu da, ezen bigarren minuturako markagailuan aurre hartzea lortu baitu. Geldikako jokaldi batean iritsi da gola: Willian Josek buruz errematatu eta baloia langara joan da, baina aldaratzea sare barrura sartzen asmatu du Mikel Merinok (1-0, 2. minutua).

Etxeko zaleak oraindik bere taldearen lehen gola ospatzen ari zirela, txuri-urdinak bigarren aldiz heldu dira arriskuz Diego Lopezen ate inguruetara. Erdiraketa baten ostean, David Lopezek eskuz jo du baloia area barruan, eta hala ohartarazi dio VARak epaileari. Hartara, penaltia adierazi du, eta Willian Josek ez du aukera alperrik galdu (2-0, 7. minutua).

Reala nagusi zen jokoan noraezean ari zen talde katalanaren aurrean, eta hirugarren gola lortzen saiatu da. Alabaina, nagusitasun horrek lehen zatiko ordu erdira ailegatu arte iraun die etxekoei. Orduan, Espanyol esnatu egin da, eta Naldo brasildarrak gola sartu du buruz, geldikako beste jokaldi bat baliatuta (2-1, 32. minutua).

Donostiarrak urduritu egin dira, eta bisitarien edozein hurbilketak beldurra zabaltzen zuen Anoetako harmailetan. Azkenerako, sinesgaitza zirudiena gertatu da: Espanyolek bigarren gola lortu du zorigaiztoko jokaldi batean, Llorentek bere atean sartu baitu baloia, Baptistaok langaren aurka botatako jaurtiketa batek belaunean jo ostean (2-2, 45. minutua).

Bigarren zatian, talde biek gogortu egin dute euren jokamoldea, eta epaileak txartel horiak ateratzeari ekin dio. Neurketak ez zeukan itxura onik Realaren interesetarako, baina, halako batean, etxekoen hirugarren gola etorri da, bigarren zutoinean agertu den Willian Josek Mikel Merinoren erdiraketa Diego Lopezen ate barrura bultzatu duenean (3-2, 64. minutua).

Gerora, baina, Reala jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Del Cerro Grande epaileak bigarren txartel horia erakutsi baitio Merinori amaierarako 20 minuturen faltan. Horrek norgehiagokaren gidoia aldatu du: etxekoak defentsa-lanetan murgildu dira, eta katalanak berdinketa lortu nahian.

Aitzitik, Mikel Oyarzabal 4-2koa sartzeko oso gertu egon da korrikaldi luze baten ondoren. Sufritzea egokitu zaie txuri-urdinei azken 10 minutuetan (Didac Vila bere taldearen hirugarren gola erdiesteko zorian egon da), garaipena, ordea, Anoetan geratu da.

Fitxa teknikoa:

Reala 3: Gero Rulli, Muñoz, Moreno, Llorente, Aritz, Illarra, Merino, Sangalli (Roberto Lopez, 61. min), Juanmi (Oyarzabal, 63. min), Willian Jose, Januzaj (Zubeldia, 83. min).

Espanyol 2: Diego Lopez, Rosales, David Lopez, Naldo, Didac Vila, Melendo (Alex Lopez, 82. min), Darder (Piatti, 72. min), Roca, Granero (Puado, 77. min), Leo Baptistao, Borja Iglesias.

Epailea: Del Cerro Grande. Merinori txartel gorria erakutsi bi txartel hori erakutsita (75. min). Txartel horiak: Aritz, Moreno, Illarra, Willian Jose eta Rulli (Reala); David Lopez, Darder eta Naldo (Espayol).

Golak: 1-0, 2. min: Merino. 2-0,  7. min: Willian Jose, penaltiz. 2-1: 32. min, Naldo. 2-2, 45. min: Llorente, bere atean. 3-2, 64. min: Willian Jose.