Reala
Errege Kopa
Realak berdindu egin du, eta Anoetan erabakiko da kanporaketa (0-0)
AGENCIAS | REDACCIÓN
Donostiarrek ez dute norgehiagoka onik jokatu, azken minutuetan izan ezik. Sangallik hasieratik jokatu du.
-
Joseba Zaldua Joaquinekin lehian. Argazkia: EFE
Realak eta Betisek hutsean (0-0) berdindu dute ostegun honetan, Benito Villamarin futbol-zelaian, Errege Kopako final-zortzirenei zegokien joaneko partidan. Horrenbestez, kanporaketa irekia helduko da Anoetara, datorren ostegunean jokatuko den bueltako norgehiagokara, nahiz eta gaur talde biek aukerak izan dituzten golen bat lortzeko, batez ere etxekoek.
Dena dela, norgehiagokako konturik azpimarragarriena Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak Luca Sangalli gaztea hasieratik zelairatu duela izan da, joan zen azaroaren bukaeran pairatutako iktus arina behin ahaztuta.
Gainera, Sangalli bera izan da partida hasi eta bost minutura Joel Robles Betiseko atezainaren aurrean aukera garbia izan duena, baina ez du asmatu gola egiten.
Gerora, etxekoen aukerak iritsi dira. Abisua eman duen lehena Joaquin izan da, lehen zatiak ordu erdia bete duenean, langaren aurka jo duen zartako batekin. Jokaldiko aldaratzea Sanabriak hartu du, eta gola sartu duen arren, epaileak baliogabetu egin du, jokoz kanpo adierazita.
Quique Setienek entrenatzen duen jokalarik nabarmenetakoa den Lo Celso argentinarrak ere egin du bere saiakera atsedenalditik bueltan, baina Rullik erantzun bikaina eman dio bere herrikidearen ahaleginari. Atezain txuri-urdina sasoiko itzuli dela ematen du, Asier Garitano aurreko entrenatzailearekin hilabete inguru ordezkoen aulkian igaro eta gero.
Ondoren, Telloren txanda izan da, baina Rulli seguru agertu da beste behin ere, ia lehia guztian zehar egin bezala.
Ondoren, Reala suspertu egin da azken minutuetan, eta Juanmik bere taldearen aukerarik nabarmenena izan du bukaerarako ordu laurden falta zela, baina bere jaurtiketak Joelen gorputzaren aurka jo du, eta desbideratuta atera da.
Luzapenean, Oyarzabal ahalegindu da gola sartzeb, aurkari biri izkin egin ondoren, baina bere jaurtiketa arriskutsuak ez du esperotako emaitzarik izan.
Beraz, kanporaketa Donostian erabakiko da zazpi egun barru.
Fitxa teknikoa:
Betis 0: Joel Robles, Barragan, Mandi, Bartra, Francis; Carvalho, Guardado (Tello, 62. min); Canales, Lo Celso, Joaquin (Boudebouz, 84. min) eta Sanabria (Loren, 78. min).
Reala 0: Gero Rulli, Zaldua, Le Normand (Hector Moreno, 68. min), Llorente, Theo, Sangalli (Januzaj, 84. min), Zubeldia, Zurutuza (Merino, 46. min), Oyarzabal, Jon Bautista eta Juanmi.
Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak: Mandi (Betis); Zaldua, Zubeldia eta Llorente (Reala).