Itxi

Reala

ENTRENATZAILE BERRIA

Imanol Alguacil: 'Erronka handia da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Realeko entrenatzaile berriak urte eta erdirako kontratua sinatu du, urtez urte berritzen joan daitekeena.

Roberto Olabe, Imanol Alguacil y Jokin Aperribay

Realak Imanol Alguacil aurkeztu du taldeko entrenatzaile berri gisa asteazken honetan. Alguacilek urte eta erdirako kontratua sinatu du, urtez urte berritzen joan daitekeena. Entrenatzaile oriotarrak bere aurkezpenean azaldu duenez, "erronka handia" dauka bere aurrean, eta espero du urtarrilaren 6an, Real Madrilen aurka jokatu beharreko partidan, dagoeneko nabaritzea bere lanaren arrastoa.

"Ziurrenik ez da agertoki hoberik egongo lanari ekiteko. Zelai paregabea bisitatu behar dugu eta talde bikain baten aurka jokatuko dugu. Hiru puntuen bila zelairatuko gara, beti egiten dugun bezala", adierazi du Imanolek.

Entrenatzaile berriak aldagelaren babesa sentitzen du; izan ere, ardura bera hartu behar izan zuen bere gain joan zen denboraldiko azken aldera, Eusebioren kargugabetzearen ostean. Orduko hartan lortu zituen emaitzak oso positiboak izan ziren: bost partida irabazi, bat berdindu eta hiru galdu.

Dena den, jakin badaki emaitzak izango direla taldearen eguneroko lana baldintzatuko dutenak, baina apustua ondo aterako den erabateko konfiantza dauka.

"Lan egiteko prest nator, egoerari buelta emateko eta guztiok talde honetaz harro egon zaitezen lortzeko asmoz", azpimarratu du.

Ez du azalpen askorik eman nahi izan eskaintza noiz egin zioten galdetu diotenean. Aitzitik, baieztatu duenaren arabera, asko hitz egin du Roberto Olabe futbol zuzendariarekin, "batez ere bigarren taldearen egoerari buruz".

"Emaitzak ez ziren onak izaten ari, baina dudarik gabe kalitatea duen taldea da, eta aurrera aterako dugu", nabarmendu du Imanolek. Uko egin dio bera eta Eusebio Sacristanen edo Garitanoren arteko alderaketarik egiteari, eta gainerako biei "errespetu handia" diela gaineratu du.

Epe laburreko helburuak ezartzea baztertu du, bere asmoa "apurka-apurka" joatea baita.

Aperribay: "Taldeko xedeak zein diren ezagutzen ditu"

Bere aldetik, Jokin Aperribay taldeko presidenteak iritzi dio Imanolek "kluba eta taldeko xedeak zein diren" ezagutzen dituela. Horrez gain, erantsi du teknikari oriotarrak Realeko entrenatzaile izateko "ezaugarri asko" dituela, "bai gaur, bai etorkizunean".

Horrez gain, sinatutako kontratuari buruz adierazi du "urte eta erdirakoa" dela, eta hortik aurrera "urtez urte" berrizta daitekeela.

Garitanoren kargugabetzeari dagokionez, Aperribayk esan du ez zeudela ziur "helburuak beteko" zituzten, ezta "ezarritako bidean" zihoazen ere.