Itxi

Reala

ANOETA, 21:00

Realak eta Alavesek ondo bukatu nahi dute urtea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinek 19 puntu dituzte eta 15. tokian daude; babazorroak, berriz, seigarrenak dira sailkapenean, 25 punturekin.

  • 2017/2018 denboraldiko Realaren eta Alavesen arteko derbia

    2017/2018 denboraldiko Realaren eta Alavesen arteko derbia. Argazkia: EFE

Realaren eta Alavesen arteko euskal derbia hartuko du Anoetak ostiral honetan. Bizi duten bolada kaskarra albo batera utzi eta urtea sentsazio onarekin bukatu nahi dute talde biek.

Txuri-urdinak 15. tokian daude sailkapenean, 19 punturekin, eta partidarik irabazi ezinda dabiltza Ligan azaroaren 26tik. Beraz, ia hilabete da garaipenik ez dutela lortzen (hiru neurketa galdu dituzte jarraian), eta tarte horretan gol falta nabaria ari dira pairatzen.

Gainera, Anoeta ez da izaten ari donostiarrentzat beste urte batzuetan izan ohi zen gotorlekua. Aurten bi partida besterik ez dituzte bereganatu etxean, biak Celtaren aurka (Ligan, 2-1; Kopan, 2-0), eta sei gol sartu dituzte soilik. Horrenbestez, zenbaki horiek hobetzeko beharra daukate, baldin eta ez badute goialdeko postuetatik gehiegi aldendu nahi.

Aipatu postuetan daudenak gasteiztarrak dira, baina ez dute batere gogoko Donostiara joatea; izan ere, galdu egin dituzte bertan jokatutako azken sei neurketatik bost. Alabaina, ohi baino beharrizan gutxiagorekin helduko dira Abelardoren mutilak Anoetara, 25 puntu pilatu baitituzte dagoeneko. Dena den, ez daude denboraldiko unerik gozoenean, lau partida baitaramatzate errenkadan irabazi gabe.

Azaroaren 11n lortu zuen talde gasteiztarrak azken garaipena (Huescaren aurka, 2-1). Gainera, galdu egin ditu ordutik aurrera etxetik kanpo jokatu dituen bi partidak, eta ez du golik sartu: Wanda Metropolitanon (3-0) eta Butarquen (1-0).

Horrenbestez, Realari gertatzen zaion legez, gol faltan dabiltza babazorroak, bakarra erdietsi baitute azken lau partidetan, Sevillaren kontra Mendizorrotzan sartutakoa, hain zuzen ere (1-1).

Balizko hamaikakoak:

Reala: Moya, Aritz, Moreno, Le Normand, Theo, Illarramendi, Zurutuza, Januzaj, Willian Jose, Oyarzabal eta Juanmi.

Alaves: Pacheco, Martin Aguirregabiria, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte, Tomas Pina, Manu Garcia, Wakaso, Ibai Gomez, Jony eta Calleri.

Epailea: Xavier Estrada Fernandez.

Futbol-zelaia: Anoeta.

Ordua: 21:00.