Itxi

Reala

0-0

Realak Anoetan garaipenik lortu gabe jarraitzen du Sevillaren aurka berdindu ostean

eitb.eus

Talde txuri-urdina ez da gola sartzeko gai izan eta puntu bat besterik ez du eskuratu. Partida parekatua izan da.

  • Reala-Sevilla. Argazkia: EFE

    Januzaj, Reala-Sevilla (0-0) partidan. Argazkia: EFE

Realak golik gabe berdindu du (0-0) Sevillaren aurka, eta Anoetan garaipenik lortu gabe jarraitzen du. Partida parekatua izan da, eta joko aldetik nahiko kaskarra. Asier Garitanok zuzentzen duen taldeak sailkapenaren behealdean jarraitzen du, 11 jardunalditan 13 puntu lortuta.

Ondo ekin dio talde txuri-urdinak neurketari eta 7. minutuan izan du lehen abagunea; Aritz Elustondok erdiraketa egin du hegaletik, baina Juanmi eta Willian Jose ez dira errematea egitera iritsi. Sevillari kosta egin zaio partidan sartzea, baina pixkanaka aurrera jotzen hasi da, eta 23. minutuan gola sartu du Murielen bitartez, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Sevillako aurrelaria jokoz kanpo egon baita. Realaren erantzuna hiru minutu beranduago etorri da, gutxigatik gora joan den Januzajen jaurtiketa baten ondorioz. Ondoren, bi taldeek baloi ugari galdu dituzte, baina aukera on bana ere izan dute; Realeko Moya atezainak erantzun bikaina eman dio Banegaren jaurtiketari, eta hurrengo jokaldian Elustondo area barruan sartu da, pasea atzera eman du, Amadouk baloia aldendu du, taldekide duen Sergi Gomezen bizkarrean jo, eta Vaclik atezainak gola eragotzi du gelditu bikaina eginda.

Erritmo biziarekin ekin diote bi taldeek bigarren zatiari. Murielek buruz kanpora bidali du errematea 49. minutuan, eta 52.ean Januzaj area barruan sartu da, baina jokalari txuri-urdinaren jaurtiketa kanpora joan da, desbideratuta. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena bete orduko, Sevillak kontraerasoa antolatu du, eta Navasen jaurtiketa ez da gutxigatik gola izan. Neurketako 62. minutuan, Januzaj area barruan sartu da, pasea eman du, eta errematatzailerik aurkitu gabe paseatu da baloia. Bost minutu beranduago, Vaclik atezainak arazo handirik gabe gelditu du Willian Joseren errematea. Sandrok aukera paregabea izan du Reala aurretik jartzeko 74. minutuan, baina area barruan sartu eta atezainaren aurrean jaurtiketa egitera joan denean,  lurrera erori, eta ezin izan du jaurtiketa egin. Sevillak ere abagune oso ona izan du azken txanpan; Roque Mesak, ordea, gaizki egin du jaurtiketa, kontraeraso on baten ostean. Amaieran, golik gabeko berdinketa (0-0) eta puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

0- Reala: Moya; Aritz, Llorente, Moreno, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Januzaj; Oyarzabal (Zurutuza, 63. min), Juanmi (Sandro, 69. min) eta Willian Jose (Jon Bautista, 88. min).

0.- Sevilla: Vaclík; Sergi Gomez, Amadou, Carriço; Guilherme Arana (Escudero, 65. min), Franco Vazquez, Banega, Jesus Navas; Sarabia, Luis Muriel (Roque Mesa, 71. min), Quincy Promes.

Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak atera dizkie Theo, Jesus Navas, Amadou eta Roque Mesa jokalariei.