Itxi

Reala

9. JARDUNALDIA

Realak hutsean berdindu du Gironarekin, eta irabazi gabe jarraitzen du Anoetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinek bi baloi bota dituzte zutoinen aurka Sandro Ramirez aurrelariaren eskutik.

  • Sandrok bi baloi bota ditu zutoinen aurka. Argazkia: EFE

    Sandrok bi baloi bota ditu zutoinen aurka. Argazkia: EFE

Realak eta Gironak hutsean berdindu dute Anoetan, astelehen honetan, Ligako 9. jardunaldiari zegokion azken partidan. Donostiarrek bi aldiz jaurti dute zutoinaren aurka, eta gol gabezia horrek Europa Ligara sailkatzeko eskubidea ematen duten postuetara ez gerturatzea ekarri diote etxeko taldeari.

Partidako hasierako minutuetan, aukerak trukatu dituzte talde biek, Eusebio Sacristan txuri-urdinen entrenatzaile ohia Anoetara itzultzeko balio izan duen norgehiagokan, hain zuzen ere. Hala, 7. minutuan, korner batean, Bonok Jon Bautistaren jaurtiketa arriskutsu bat aldendu behar izan du. Jarraian, bisitarien erantzuna etorri da, Borja Garciak desbideratuta bidali duen ahalegin batean.

Dena dela, aukerarik arriskutsuena ez da 39. minutura arte iritsi. Orduan, Realean titular gisa debutatu duen Sandro Ramirez aurrelariak talde katalanaren zutoinaren aurka bota du baloia.

Atsedenaldira heldu aurretik, Moyaren eta bere defentsaren artean izandako gaizki-ulertu batek arrisku egoera handia sortu du Realaren arean; alabaina, azkenerako, atzelari txuri-urdinek Doumbia bolikostarraren abagunea bertan behera utzi dute. Aurrelari afrikarra titular gisa aritu da Cristhian Stuani uruguaitarraren ordez, horrek aulkian hasi baitu neurketa, bere selekzioarekin egon eta gero.

Bigarren zatiaren hasieran, Sandro izan da berriro ere etxekoen aldetik jokalari nabarmenena. Izan ere, aldageletatik bueltan, Bonoren atera arriskua eramaten jarraitu du. Horren adierazle da 66. minutuan bere ahaleginak zutoinaren aurka jo duela bigarrenez, atezain marokoarraren aldaratzearen ostean. Zutoinetik bueltan, baloia Oyarzabali heldu zaio, baina horren jaurtiketak ere Bonoren erantzun paregabea jaso du.

Horrenbestez, berdinketaren ostean, Reala bederatzigarren postuan dago, 12 punturekin, Europako postuetatik hiru puntura. Gironak, berriz, bost jardunaldi jarraian daramatza irabazi gabe, eta 10 puntu ditu, jaitsiera postuetatik bira.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad 0: Moya; Gorosabel, Aritz, Navas, Kevin Rodrigues; Illarramendi, Zubeldia, Pardo (Sangalli, 73. min); Sandro (William Jose, 67. min), Bautista (Juanmi, 57. min) eta Oyarzabal.

Girona 0: Bono; Juanpe, Bernardo, Ramalho; Aday, Pedro Porro, Douglas Luiz, Borja Garcia (Aleix Garcia, 88. min); Pere Pons, Doumbia (Lozano, 55. min), eta Portu (Stuani, 71. min).

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Kevin Rodrigues, Illarramendi eta Elustondo (Reala); Pedro Porro (Girona).