Reala
LARUNBATEAN, 13:00ETAN
Realak hirugarren azterketa pasatuko du Anoetan, Valentziaren aurrean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garitanok Sandro Ramirez aurrelaria deialdian sartu du, eta Moyaren alde egin dezake atezainaren postuan.
-
Oyarzabal, Huescaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Denboraldi hasiera honetan premiekin dabilen Valentziari irabazi asmoz zelairatuko da Reala larunbat eguerdian Anoetara.
Zelai eraberrituan jokatuko duten hirugarren aldia izango da Realarentzat, baina ez du oraindik etxean irabazi, eta erronka horri aurre egiteko Asier Garitanok hainbat baja izango ditu: Theo Hernandezek eta Juanmi Jimenezek zigortuta jarraitzen dute, eta Adnan Januzajek, Diego Llorentek eta Martin Merquelanzek, lesionatuta.
Deialdian estreinakoz sartu dena Sandro Ramirez aurrelaria da, elastiko txuri-urdina jantzi gabe dagoena.
Donostiarrek argi dute arrakastaren bidean atea hutsean utzi behar dutela (behin besterik ez dute lortu orain arte), eta, batez ere, aurretik jartzea lortu dutenean, aurkariek markagailua iraul dezatela galaraztea. Hala gertatu zitzaion Leganes, Eibar, Bartzelona eta Rayo Vallecanorekin, eta bakarrik Huesca eta Vila-realen aurka eutsi ahal izan zion hartutako abantailari.
Garitanok aterako duen hamaikakoak zalantza asko uxatuko ditu. Horietako lehena atezainari dagokiona izango da, airean baitago Gero Rullik titular izaten jarraituko ote duen azken norgehiagoketan izan dituen agerraldi kaskarrak kontuan hartuta. Bestea, Asier Illarramendik hasieratik jokatuko ote duen argitzeko dago, azken bi neurketak aulkitik hasi ostean.
Atezain argentinarraren aldeko hautua mantentzea Rulliri erabataeko babesa eskaintzea litzateke; aitzitik, Bergarako entrenatzaileak adierazi duenez, taldearen interesen alde egingo du, eta, horren ondorioz, Miguel Angel Moyak aukerak ditu ligan debutatzeko.
Bere aldetik, Valentziak denboraldiko lehen garaipena lortzeko beharrarekin iritsiko da Donostiara, bost berdinketa eta porrot bat pilatu baitituzte orain arte.
Valentziarrek ez dute itxura txarrik eman berdindu dituzten neurketetan, eta Marcelino entrenatzailea sinetsita dago azaldu duten jokoarekin laster lortuko dituztela garaipenak.
Horretarako, zigor bat medio bisitarien aulkian egongo ez den Marcelinok hamaikakoan hainbat aldaketa egitea aurreikusten du, aste hauetan lehia asko izaten ari baitira.
Balizko hamaikakoak:
Real Sociedad: Moya; Zaldua, Aritz, Hector, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Merino, Pardo; Willian Jose eta Oyarzabal.
Valentzia: Neto, Vezo, Gabriel Paulista, Murillo edo Diakhaby, Lato, Ferran Torres, Parejo, Kondogbia, Guedes, Gameiro eta Rodrigo.
Epailea: Gil Manzano
Futbol-zelaia: Anoeta
Ordua: 13:00