Itxi

Reala

2-2

Realak eta Rayok berdindu egin dute Anoetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bautistak bosgarren minuturako aurreratu du etxeko taldea, baino Rayok markagailua irauli du atsedenaldira heldu orduko. Bigarren zatian, Willian Josek sartu du berdinketaren gola.

  • Jon Bautistak sartu du Realaren lehen gola. Argazkia: EFE

    Jon Bautistak sartu du Realaren lehen gola. Argazkia: EFE

Realak berdindu egin du Rayo Vallecanoren aurkako partida Anoetan, nahiz eta irabazten hasi den; alabaina, kanpotarrek buelta eman diote markagailuari atsedenaldira heldu baino lehen. Bigarren zatian, Willian Josek buruz sartutako gol batek lehia berdindu du madrildarren garaipena gertu zegoela zirudienean (2-2).

Asier Garitanok Gero Rulli hautatu du atezain titular gisa aritzeko, eta aulkian utzi ditu Illarramendi, Zurutuza eta Willian Jose. Theo eta Juanmi, berriz, harmailan geratu dira, bete behar duten zigorraldiko lehen partida bertatik ikusteko.

Berehala jarri zaizkio alde gauzak etxeko taldeari. Izan ere, bosgarren minutua bete denean, Jon Bautistak bere abiadura baliatu du zelai erdian hartu duen baloi batekin Rayoren ate aurrera iritsi eta, jaurtiketa bortitz batez, Alberto Garcia atezaina gainditzeko.

Denboraldi hasieran lortutako emaitza kaskarrek jaitsiera postuetan kokatu arren, Rayoko jokalariek ez dute kolpe hori gehiegi nabaritu. Hartara, Michelen taldeak arriskuak hartu ditu txuri-urdinen baloi-irteera presionatzeko, eta, ondorioz, Garitanorenek hutsuneak aurkitu dituzte Rayoren defentsan. Hutsune horietako batean, Bautista markagailuko aldea zabaltzeko zorian egon da, baina atezainak asmatu egin dio nora jaurti behar zuen bigarren aukera horretan.

Rayok, bere aldetik, Rulliren atera gerturatzen jarraitu du, batez ere Raul de Tomasek urrutitik egindako ahaleginen bidez. Ordea, berdinketa area barrutik etorri da, Advincula perutarraren eskutik, arriskurik ez zuela zirudien baloi batean Rullik egindako huts bat aprobetxatuta.

Gauzak are hobeto jarri zaizkio Rayori bost minutu geroago, Trejok bigarren gola egin baitu bere taldearentzat, Zalduak Beberi egindako penaltiaren bitartez.

Bigarren zatian, Realak erasokorrago ekin dio, emaitzak hala behartuta, eta Zubeldia berdinketa lortzetik gertu egon da urrunetik egindako jaurtiketa batekin. Une horretan, Rayo gehiago zegoen atzera begira, eta kontraerasoan ateratzeko gertu.

Garitanok Illarramendi eta Willian Jose zelairatu ditu azken ordu erdian. Aurrelari brasildarraren presentzia erabakigarria gertatu da, bera izan baita behin betiko berdinketa jarri duena markagailuan, 77. minutuan, buruz.

Une horretatik aurrera, Reala garaipenaren golaren bila ibili da, baina bere eginahalak antzuak izan dira.

Fitxa teknikoa:

Reala 2: Rulli; Zaldua, Aritz, Moreno, Kevin; Zubeldia (Ilarramendi, 60. min), Merino, Pardo (Willian Jose, 62. min), Sangalli (Zurutuza, 75. min); Oyarzabal eta Jon Bautista.

Rayo Vallecano 2: Alberto García; Advincula, Alex Moreno, Gálvez, Amat; Santi Comesaña, Kakuta, Trejo, Medrán (Imbula, 65. min), Bebé (Embarba, 71. min) eta Raul de Tomas (Alegria, 75. min).

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak: Zubeldia, Merino eta Zaldua (reala); Advincuca, Alegria eta Kakuta (Rayo Vallecano).

Golak: 1-0, 5. min: Jon Bautista.1-1, 31. min: Advincula. 1-2, 36. min: Trejo, penaltiz. 2-2, 78. min: Willian Jose.