Reala
0-1
Realak irabazi egin du Huescan, bederatzi jokalarirekin geratu den arren
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mikel Merinok aurretik jarri du talde txuri-urdina bigarren zatian, baina talde txuri-urdinak asko sufritu du amaierara arte epaileak Juanmi eta Theo kaleratu baititu.
-
Mikel Merino, Theo Hernandezekin batera, garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak hiru puntuak lortu ditu Alcoraz futbol-zelaitik, Mikel Merinok 65. minutuan sartu duen golari esker. Asier Garitanoren taldeak, dena den, gogotik sufritu behar izan du garaipena lortzeko; izan ere, Huesca kementsu ahalegindu da berdinketa lortzen partidako azken txanpan, epaileak bi jokalari txuri-urdin kanporatu ostean.
Neurketa parekatua joan da, eta bi taldeek irabazi ahal izan dute. Etxekoek gogo handia erakutsi dute, baina donostiarrek punteria hobea izan dute gaurkoan, Bartzelonaren aurka ez bezala.
Kalera duten arte, Theo Hernandez jokalari nabarmenetakoa izan da Realean, ezker hegaletik egin duen lana dela medio. Berak lapurtu du, hain zuzen ere, goleko jokaldia ekarri duen baloia. Real Madrilek utzita Realean ari den hegalekoak ondo presionatu du Huescaren atzealdea, eta, ondorioz, baloia bereganatu du. Jarraian, area ertzean bakar-bakarrik zegoen Merinori eman dio pasea, eta nafarrak jaurtiketa zehatza egin du area kanpotik, gola lortuz.
Gol horrek Huescaren erreakzioa ekarri du. Gainera, are gehiago saiatu dira Juanmi Jimenezek txartel gorria ikusi duenean.
Epaileak 70. minutuan kaleratu du Realeko aurrelaria, bata bestearen atzetik atera dizkion bi txartel horiren bitartez. Lehendabizikoa, falta bategatik; bigarrena, berriz, lehenengoaren protestan ibiltzeagatik.
Huescak, bere aldetik, ahaleginetan jarraitu du, eta hala heldu dira Ferreiroren, 'Cucho' Hernandezen eta Meleroren aukerak, baina ezin izan dute zalantzati ibili den Rulliren atea zulatu.
Amaiera aldera, Theok zailago bihurtu du gipuzkoarren lana, partida bukatzeko zortzi minuturen faltan epaileak kalera bidali baitu, Alex Gallar jokalariari zaplazteko bat emategatik.
Azkenik, baina, ez da gol gehiago izan Alcorazen, eta txuri-urdinek garaipena erdietsi dute. Reala partidarik irabazi gabe zegoen txapelketako lehen jardunalditik.
Fitxa teknikoa:
Huesca 0: Werner; Miramón, Pulido (Gürler, 84. min) Semedo, Luisinho ("Chimy" Avila, 79. min); Gallar, Musto, Melero, Ferreiro; Moi Gómez (Longo, 68. min) eta "Cucho" Hernandez.
Real Sociedad 1: Rulli; Zaldua, Aritz, Hector Moreno, Theo; Zubeldia; Oyarzabal (Kevin Rodrigues, 90. min), Rubén Pardo (Zurutuza, 74. min), Juanmi, Merino; eta Jon Bautista (Raul Navas, 85. min).
Golak: 0-1, 65. min: Merino.
Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel gorriak: Juanmi (bi txartel hori, bata bestearen atzetik. Bigarrena, lehendabizikoa protestatzeagatik) eta Theo (txartel gorri zuzena). Txartel horiak: Luisinho, Longo, Ferreiro eta Gallar (Huesca); Ruben Pardo (Reala).