Reala
Lesioa
Sandrok bihurritua dauka eskuineko belaunean
eitb.eus
Sandro Ramirez Realeko aurrelariak Zubietan egindako lan-saioa taldekideak baino arinago utzi behar izan du, eta zalantza da Bartzelonaren aurka larunbatean jokatu beharreko norgehiagokan izateko.
-
Sandro, Donostia heldu zeneko egunean. Argazkia: EFE
Sandro Ramirez Realeko aurrelariak min hartu du astearte honetan bere taldekideekin batera Zubietan egin duen entrenamenduan. Klubak jakitera eman duenaren arabera, "bihurritu arina dauka eskuineko belauneko alboko barne lotailuan".
Horrenbestez, zalantza da Realak larunbat honetan Bartzelonaren aurka jokatu behar duen norgehiagokan egon ahal izateko.
Sandroren lesioa talde txuri-urdinak min hartuta dituen beste hainbat erasoko jokalariri gaineratu behar zaio. Hala, Willian Jose aurrelari titularrak hilabete egon beharko du jokatu gabe. Bere aldetik, Adnan Januzaj erasoko ezker hegalekoa gutxienez hilabete eta erdi gehiago egongo da zelaietatik aldenduta, Jokin Aperribay presidenteak berak gaur aurreratu duenez. Horrez gain, Martin Merquelanz gazteak ia denboraldi guztia galduko du, eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi ostean.
Bestalde, denboraldiari bere taldekideekin batera ekin zion Imanol Agirretxe golegileak futbola utzi du, azken urteetan jasandako lesio ugariek behartuta.
Atzealdean ere badu min hartutako jokalaririk Realak; izan ere, Diego Llorente atzelaria zenbait hiletarako egongo da bajan.
Aitzitik, Raul Navas eta Hector Moreno jokatzeko moduan egongo dira Bartzelonaren kontra.