Reala
Denboraldi-aurrea
Moreno Realaren entrenamenduetara itzuli da
Agentziak | Erredakzioa
Mexikarrak Errusiako Munduko Txapelketa jokatu zuen, eta horregatik beranduago bukatu ditu oporrak. Oraindik Adnan Januzaj falta da.
-
Hector Moreno / Argazkia: Reala.
Hector Moreno Realarekin entrenatzera itzuli da, denboraldi-aurreko hirugarren astean. Munduko Txapelketan parte hartu zuen mexikarra. Errusian ere egon zen Adnan Januzaj baino ez da falta, beraz.
Hector Moreno, Mexikoko kapitaina, final-zortzirenetara heldu zen bere selekzioarekin. Gakoa da Asier Garitanorentzat, erdiko atzelari gutxi dauka eta. Raul Navas, izan ere, arazo fisikoak izan ditu denboraldi-aurrearen hasieran.
Hain zuzen, Garitanok Igor Zubeldia euskarria defentsaren erdian jarri behar izan zuen Eibarren aurka Ipuruan (2-3), eta orain beste jokalari bat izango du postu horretarako.
Litekeena da Realaren hirugarren lagunartekoa ez jokatzea, Real Unionen kontra, baina Osasunaren aurkakoa prest egon daiteke, Bergaran.
Jon Guridik, aldiz, arazo fisikoekin jarraitzen du. Klubak esan duenez, "lehiaketarako adaptazio programa pertsonalizatu bat beteko du hurrengo sei hilabeteetan".
2017ko apirilaren 6an ebakuntza egin zioten belaunean, eta momentu horretatik ezin izan du erregulartasunez eta minik gabe entrenatu.