Reala
2018/19 DENBORALDIA
Asier Garitanok gidatuko duen staff teknikoaren berri eman dute
eitb.eus
Staffean emozioak bideratzen laguntzeko talde bat egongo da (Imanol Ibarrondo izango du gidari) eta analisirako talde bat ere egongo da.
Dagoeneko osatu da Asier Garitanok gidatuko duen staff teknikoa. Teknikari txuri-urdin berriak izango duen egitura teknikoko kideak izango dira Ruben De la Barrena, bigarren entrenatzailea, Ion Ansotegi, lan indibidualez arduratuko den teknikaria, eta Iñaki Ulloa, atezainen prestatzailea.
Staffean, halaber, egitura osagarri bat egongo da, eta hauek osatuko dute: Miguel Perez, prestatzaile fisiko nagusia; David Casamichana, kargako prestatzaile fisikoa, eta Iñigo Almandoz, prestatzaile fisiko indibiduala. Horiez gain, staffean emozioak bideratzeko ardura izango duen talde bat egongo da (Imanol Ibarrondo izango du gidari), baita analisirako egitura bat ere (baieztatzeko dago oraindik).
EGITURA TEKNIKOA
Ruben De la Barrera Coruñakoa da, 33 urte ditu, eta 21 urte zituela hasi zen prestatzaile lanetan, Galizian eta Gaztela eta Leongo beheko kategorietan, 2013an brontzezko dibisiora iritsi zen arte, CD Guijuelo zuzentzeko. Ondoren, Real Valladoliden filialetik igaro eta gero, orain arte Cultural y Deportiva Leonesa zuzendu du, zeinak 2017an lortu zuen Bigarren Mailara igotzea, eta denboraldi honetan zilarrezko dibisioan gidatu du taldea.
Ion Ansotegi (Berriatua, 1982), Realeko jokalari ohia, 305 partida ofizialetan jokatu zuen lehen taldean aritu zen 11 denboraldietan. Egun, Realeko Organigrama Teknikoko kidea da, eta harrobiko jokalarien prestakuntzaren bigarren etapako koordinatzea izan da, eta Sanse, Real C eta Jubenilen Ohorezko Dibisioko teknikarien laguntzailea.
Iñaki Ulloa, 38 urteko bilbotarra, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua, Athletic Clubeko beheko kategorietako atezainen prestatzailea izan zen, eta lehen taldeko staff teknikoko kidea, Qatarrera bidaiatu aurretik, Aspire proiektuan jarduteko, akademiako atezainen departamentuko arduradun gisa; halaber, Qatarko Futbol Federazioko beheko kategorietako atezainen arloko koordinatzailea izan zen.
ANALISIAREN EGITURA
Baieztatzeko zain.
EGITURA PRESTATZAILEA
Miguel Pérez Sabadellen jaio zen, 33 urte ditu, CD Leganes klubeko lehen taldearen staff teknikoan sartu zen Asier Garitano bertara iritsi zenean, 2013ko udan, eta Bigarren Mailarako igoera bat eta Lehenengo Mailarako beste bat dauzka bere gain.
David Casamichana: kargako prestatzaile fisikoa. Santanderren jaio zen, 34 urte ditu eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Torrelavegako Gimnasticako eta Santanderko Racingeko prestatzaile fisikoa izan da, aholkularia FC Bartzelonan 17-18 denboraldian, eta Barça Innovation Hub plataformako aholkularia 2016. urtetik.
Iñigo Almandoz: prestatzaile fisiko indibiduala. Donostian jaiotakoa, 36 urte ditu, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Real Unioneko eta Lleidako prestatzaile fisikoa izan da, entrenamendu indibidualera zuzendu den arte, eliteko kirolarientzat.
EGITURA EMOZIONALA
Imanol Ibarrondo: entrenatzailea. Bilbon jaio zen, duela 51 urte. Futbolari profesional ohia 10 urtez, Enpresa Zientzietan lizentziatua da eta Kirol Erakundeak Kudeatzeko Masterra egin zuen EHUn. 2007az geroztik, entrenatzaile profesional moduan dihardu, bai norbanakoekin bai taldeekin, kirol zein enpresa munduan. BAT Basque Teameko "coaching" eta lidergo zerbitzua zuzentzen ari da, eta Mexikoko selekzioaren staffeko kidea da 2016tik.
Zuzenean lan egin du Espainiako gizonezkoen errugbi selekzioarekin, emakumezkoen belar hockeyko selekzioarekin, eta baita igeriketa sinkronizatuko eta gizonezkoen belar hockeyko selekzioekin ere. Beste hainbat futbol talderekin ere egin du lan (Celta, Oviedo, Athletic Club, Leganes, Pontevedra, Granada, Almeria…), eta "coaching" prozesu indibidualetan lagun die dozenaka futbolariri eta diziplina desberdinetako beste kirolari batzuei.