Reala
Aurkezpena
Realak Asier Garitano aurkeztuko du gaur
agentziak | erredakzioa
Bestalde, talde txuri-urdinak uztailaren 5ean ekingo dio denboraldi-aurreari.
-
Asier Garitano. Argazkia: EFE
Realak gaur aurkeztuko du Asier Garitano bere entrenatzaile berria. Aurkezpen ekitaldia Zubietako prentsa-aretoan izango da, 19:00etan, eta bertan izango dira, Garitanorekin batera, Jokin Aperribay presidentea eta Roberto Olabe futbol-zuzendaria.
Donostiako klubak joan zen ostegunean egin zuen ofizial Bergarako teknikariak zuzenduko duela lehen taldea hurrengo hiru denboraldietan, 2021eko ekainaren 30era arte.
Bestalde, talde txuri-urdinak uztailaren 5ean ekingo dio denboraldi-aurreari. Lehendabiziko lan-saioak Zubietan izango dira, oraindik ez baitago zehaztuta Donostiatik kanpo egingo duen balizko kontzentrazioa, ezta prestakuntzan zehar izango dituen aurkariak ere.
Realeko jokalariak oporretan daude dagoeneko, selekzioen deialdietan daudenak izan ezik (Alvaro Odriozola, Mikel Oyarzabal, Adjan Januzaj eta Hector Moreno).
Garitanok hartu beharreko lehendabiziko erabakietako bat hainbat jokalariren etorkizunari buruzkoa izango da. Egoera horretan daude Markel Bergara, Hector Hernandez, Joseba Zaldua, David Concha, Gero Rulli edota Toño Ramirez.
Lehendabiziko lauek utzita jokatu dute aurtengo denboraldian. Atezainen kasuan ere badago zer erabaki, Rulliri eta Ramirezi otsailean fitxatutako Miguel Angel Moya gehitu zaielako, eta, itxura guztien arabera, bera izango da atezain titularra.
Realak, ondoren, balizko fitxaketei heldu beharko die, Xabi Prietok eta Sergio Canalesek taldea utzi ostean beharrezkoa diruditenak.