Reala
Fitxaketa
Realak Asier Garitano fitxatu du hiru denboraldirako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bergarako entrenatzaileak 2021eko ekainaren 30era arte sinatu du talde txuri-urdinarekin.
-
Asier Garitano, Realaren entrenatzaile berria. Argazkia: EFE
Joan zen larunbatean Euskadi Irratiak aurreratu zuenez, Asier Garitano izango da Realeko hurrengo entrenatzailea klubak ostegun honetan bertan berretsi duenez. Hiru denboraldirako kontratua sinatu du Leganeseko entrenatzaile ohiak, eta, horrenbestez, 2021eko ekainaren 30era arte egongo da talde txuri-urdinean.
Garitano (48 urte) talde madrildarrean bost urte egon ostean helduko da Donostiara. Teknikari bergararrak Bigarren B Mailan hartu zuen Leganes eta Lehen Mailara arte igotzea lortu zuen, eta horretarako hiru denboraldi besterik ez zituen behar izan. Horrez gain, aurten Errege Kopako finalerdietara sailkatu du taldea.
Nahiz eta Leganesek kontratua berritzea eskaini zion Garitanori, baina bere ibilbidean beste etapa bati ekitea erabaki zuen. Realean Imanol Alguacilen tokia hartuko du, zeinak denboraldi amaieran emaitza onak lortu dituen Eusebio Sacristan ordezkatu ostean.
Entrenatzaile berriaren aurkezpena datorren astean izango da, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.