Reala
3-1 Anoetan
Realak Athletici merezita irabazi dio, bilbotarrek bi gol euren atean sartuta
Agentziak | Erredakzioa
Donsotiarrak hobeak izan dira Anoetako berdegunean. San Josek bi gol sartu ditu Keparen atean. Oyarzabal eta Raukl Garcia izan dira partidako beste golegileak.
-
Realeko jokalariak, partidako goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.
Realak aurreko astean Malaga azken sailkatuaren aurka hartutako porrota ahaztarazi du Athletici Anoetan merezimendu osoz irabazita. San Jose izan da partidako protagonistetako bat, bi gol egin baititu bere atean.
Aurreikusi bezala, Iñigo Martinez txistuka hartu dute Anoetako zaleek. Athleticeko atzelariak bere talde ohiaren etxean jokatu duen lehen partida izan da gaurkoa.
Lehen minutuetan, Athletic hobeto aritu da, baina ez du arrisku handirik sortu. Zale txuri-urdinek ez dituzte gauzak batere argi ikusi San Joseren lehen oparia iritsi den arte. Canalesek korner bat atera du eta nafarra baloia aldentzen saiatu da baina azkenean Keparen atean sartu du.
Elustondo bigarrena sartzear izan da 33. minutuan, baina Kepak geldiketa ikusgarri batekin erantzun dio bere jaurtiketari. Hurrengo jokaldian, baina, gipuzkoarrek ez dute hutsik egin eta Mikel Oyarzabalek 2 eta 0ekoa jarri du markagailuan.
Bigarren zatian, Realak erritmoari eutsi dio eta minutu gutxitan hirugarren gola iritsi da. Mikel San Josek egin du, bere atean berriro ere, zorigaiztoko jokaldi batean.
58. minutuan, Athletic partidan sartu da Llorenteren jokaldi inozo baten ondorioz arbitroak penaltia adierazi eta Raul Garcia gola lortu duenean.
Orduan jokatu dituzte bilbotarrek euren minuturik onenak. Williamsek eta San Josek markagailuko aldea murrizteko aukerak izan dituzte, baina gola ez da iritsi.
Partida bukaeran, epaileak txartel gorria atera dio Ruben Pardori, Realeko jokalaria zelairatu berria zen eta sei minutu eskas eman ditu zelaian. Neurketa amaituta, Iñigo Martinezek txartel horia ikusi du, protesta egiteagatik.
Fitxa teknikoa
3 - Reala: Moyá; Aritz (Odriozola, 82. min), Llorente, Navas, De la Bella; Illarramendi, Zurutuza, Canales (Rubén Pardo, 78. min); Oyarzabal, Januzaj (Zubeldia, 89. min) eta Willian José.
1 - Athletic: Kepa; De Marcos, Nuñez, Iñigo Martínez, Balenziaga; San José, Iturraspe (Mikel Rico, 72. min); Córdoba (Muniain, 67. min), Raúl García, Lekue (Susaeta, 49. min) eta Williams.
Golak: 1-0, 15. min: San José (b.a.). 2-0, 36. min: Oyarzabal. 3-0, 53. min: San José (b.a.). 3-1, 59. min: Raúl García, penaltiz.