Itxi

Reala

Adierazpenak

Xabi Alonsok Eusebioren 'lan handia' aitortu du

Agentziak | Erredakzioa

Realeko futbolari ohiaren iritziz, 'futbola oso krudela da', eta entrenatzaileak eta kirol zuzendariak egin duten lana eskertu die.

0:40

Xabi Alonsok, Realeko jokalari ohiak, entrenatzailearen kargugabetzea eta kirol zuzendariaren agurra izan ditu hizpide. Futbolari ohiaren aburuz, "Eusebio Sacristanen lan handia balioesten eta aitortzen jakin behar da, eta bi urte hauetan zehar, Realeko entrenatzaile bezala, egin ahal izan duen guztia eskertzen, asko izan da eta". Maialen Chourrautekin batera eman duen hitzaldian eman ditu adierazpenak, Deustuko Unibertsitatean.

Futbolari ohiarentzat, Eusebioren kargugabetzeak argi uzten du "futbola oso krudela" dela. "Azkenean oso erabaki latzak dira, baina errespetatu behar dira", gehitu du.

"Futbola oso eskergabea da askotan, eta entrenatzaile kargua are gehiago. Zorterik onena opa diot etorkizunean", esan du Reala, Real Madril, Lverpool, Bayern eta Eibarreko jokalari ohiak.

Imanol Alguacil ordezko bezala jartzeko erabakia "egokia da denboraldi bukaerarako". "Gero, etorkizunera begira, ez dakit zer erabakiko duten, baina Imanol ondo egiten ari da Sansen, eta orain aukera on bat dauka. Neurketa gutxi dira, baina ondo egin dezake", azaldu du.

Lorenen agurrari dagokionez, "futbolaren parte bat da, baina argi dago ez dela atsegina". Erabakia errespetatzen du, eta Realean egindako lana eskertu dio. "Asko asmatu duen bederatzi urte izan dira", esan du.

Alonsorentzat, "ez da kasualitatea" azken hiru denboraldietan, Europan jokatu duen bitartean, Ligako emaitzak ez izatea espero izandakoak, "eskakizun eta egutegi aldaketagatik".

Arazoak Ogasunarekin

"Eroso nago, gauzak ondo egin ditudanaren kontzientzia daukat. Lagundu dut, eta pausoz pauso erakutsi die dena", esan du leporatzen dioten ustezko delitu fiskalari buruz. 2010 eta 2012 artean egin omen zuen iruzurra, Real Madrileko jokalaria zenean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Futbola