Reala
2020ra arte
Moya, Realeko atezain berria
eitb.eus
Miguel Angel Moya atezainak dagoeneko pasatu du osasun-azterketa talde txuri-urdinarekin, eta denboraldi hau eta beste bi gehiago iraungo duen kontratua sinatuko du Realarekin.
-
Miguel Angel Moya. Argazkia: @RealSociedad
Realak jakitera eman duenez, "aurreakordioa" lortu du Atletico Madrilekin Miguel Angel Moya atezaina fitxatzeko. Jokalariak dagoeneko pasatu du osasun-azterketa talde txuri-urdinarekin, eta asteazkenean iritsiko da Donostiara, taldearekin batera aritzeko eguerdiko hamabietan izango den lan saioan.
Atezaina Atletico Madriletik helduko da Realera, eta aurtengo denboraldia eta beste bi gehiago iraungo duen kontratua sinatuko du Realarekin (2020ko ekainaren 30era arte). Gero Rulliren lesioak eta Toño Ramirez ordezkoak eragindako zalantzek beste atezain bat kontratatzera bultzatu dute talde txuri-urdina. Moya Realak ostegunean Betisen aurka jokatu behar duen partidan aritzeko deialdian sar daiteke, aurkezpen ofizialik egin gabe.
Realak martxoaren 2ra arteko epea zuen fitxaketak egiteko, baldin eta Ligako talde bateko jokalari bat fitxatzen zuen kluben arteko akordioa dela medio. Hori hala da, neguko merkatuko azken egunetan, Athleticek Iñigo Martinez Realeko jokalaria etete-klausula ordaindu ostean fitxatu zuelako.
Moyak 34 urte ditu eta Atletico Madriletik helduko da Realera. Mallorcan hasi zuen bere kirol ibilbidea 2004-2005 denboraldian, eta bertan egon zen 2008-2009ra arte. Ondoren, Valentziak fitxatu zuen, eta bi denboraldi eman zituen bertan. Valentziatik Getafera egin zuen jauzi talde madrildarrean hiru denboraldi igarotzeko (2011-2012, 2012-2013 eta 2013-2014). 2014ko ekainean Atletico Madrilek fitxatu zuen eta orain arte Simeoneren aginduetara jardun du.