Reala
4-2
Realak laugarren porrota jarraian jaso du, Vila-realen aurka galdu ostean
Erredakzioa
Txuri-urdinek 4-2 galdu dute Zeramikaren Estadioan. Lehen hogei minutuetan 3 gol sartu dizkio Vila-realek eta bigarren zatian nagusi izan den arren, ezin izan du emaitza irauli.
-
Toño atezaina, burumakur Vila-realen gol bat hartu ostean. Argazkia: EFE
Realak 4-2 galdu du Vila-realen aurka Zeramikaren Estadioan eta txuri-urdinek bolada txarrean jarraitzen dute. Eusebiok zuzentzen duen taldeak laugarren porrota jaso du jarraian eta 2018an jokatu dituen partida guztiak galdu egin ditu.
Vila-realek bizi ekin dio partidari eta Reala atzean sartzea lortu du lehen minutuetan; ondorioz, etxeko taldeak aurrea hartu du markagailuan, bosgarren minutuan Victor Ruizek korner bat erramatatuta sartu duen golari esker (1-0). Golak min egin dio Realari eta Vila-real baloiaren jabe izan da ondorengo minutuetan. Talde txuri-urdina urduri ibili da, eta 17. minutuan, Navasek pase zitala eman dio Toño Ramirez atezainari, honek baloia aldentzerakoan Baccari eman dio pasea eta kolonbiarrak gola oparitu dio Fornalsi (2-0). Huts galanta egin du Realak defentsan eta Fornals bakarrik geratu da ate aurrean. Bigarren gola jasotzearen kolpea gainditzeko ia denborarik gabe, etxeko taldeak 3-0ekoa sartu du Baccaren bitartez. Unalek pasea eman dio Baccari, honek izkin egin dio Toño atezainari eta gol bikaina sartu du 20. minutuan.
Lehen 20 minutuetan hiru gol jasota, minduta geratu da Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldea, baina aldeak murrizten saiatu dira txuri-urdinak eta erasora jo dute. Realaren bultzadak saria izan du 24. minutuan; Illarramendik erdiraketa ona egin eta Diego Llorentek aldeak murriztu ditu, 3-1ekoa sartuta. Erremate ona egin du jokalari txuri-urdinak. Gol honi esker partidan sartu da talde gipuzkoarra eta pare bat abagune izan ditu bigarren gola sartzeko: Zubeldiaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, eta Xabi Prietok buruz egindako errematea, langa gainetik kanpora. Reala partidako unerik onenean egon denean, aldiz, Vila-realek eraso azkarra antolatu du, Samu Castillejok jokaldi bikaina egin eta jaurtiketa ikusgarri batekin 4-1ekoa sartu du, 34. minutuan. Gol honen eraginez, lur jota iritsi da atsedenaldira Donostiako taldea.
Bigarren zatia guztiz ezberdina izan da lehenengoarekin alderatuta. Reala izan da bloiaren jabe eta abagune onenak izan ditu. Zaila izan ez den arren, txuri-urdinek lehen 45 minutuetako jokoa hobetu dute, eta nagusi izan dira bigarren zatian. Erasokor ibili da Eusebiok zuzentzen duen taldea eta 58. minutuan Willian Josek 4-2koa sartu du, aldeak murriztuz. Golak indartu egin du talde txuri-urdina eta 63. minutuan gola gertu izan du, baina Zubeldiaren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Vila-realek bigarren zatian izan duen abagune bakarra 70. minutuan etorri da, eta Toño atezainak Castelloko taldearen gola eragotzi du Unalen jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Realak beste abagune on bat izan du 85. minutuan, baina Canalesek ez du aurkariaren atea topatu bere jaurtiketarekin. Neurketako 93. minutuan Oyarzabalek buruz-burukoa huts egin du Asenjo atezainaren aurrean. Amaieran, garaipena Vila-realek lortu du, 4-2ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
4 - Vila-real: Asenjo, Mario, Bonera, Victor Ruiz, Jaume Costa, Trigueros, Rodri, Fornals, Castillejo (Roger Martinez, m.89), Bacca (Cheryshev, m.65) eta Ünal (Roberto Soriano, m,84).
2 - Reala: Toño, Odriozola, Llorente, Navas, Iñigo Martinez, Prieto (Agirretxe, m.86), Illarramendi, Zubeldia (Guridi, m.78), Januzaj (Canales, m.63), William Jose eta Oyarzabal.
Golak: 1-0, m.5: Victor Ruiz. 2-0, m.17: Fornals. 3-0, m.20: Bacca. 3-1, m.24: Llorente. 4-1, m.34: Castillejo. 4-2, m.58: William Jose.
Epailea: Del Cerro Grande.