Itxi

Reala

Errege Kopa

Realari ez diote Kopako kanporaketa bat irauli 2012tik

Agentziak | Erredakzioa

Urte hartan orain arteko azken aurrekari negatiboa jasan zuten donostiarrek, Mallorcaren aurka. Joanekoan 2-0 irabazi zieten balearrei, baina bueltakoan 6-1 galdu zuten.

  • Joan zen denboraldian Valladoliden aurka Realak jokatu zuen joaneko partida. Argazkia: EFE

    Joan zen denboraldian Valladoliden aurka Realak jokatu zuen joaneko partida. Argazkia: EFE

Reala asteazkenean Lleidaren aurka jokatu behar duen Errege Kopako itzulerako partida hasi da prestatzen. Joanekoan 0-1 irabazi zuen, eta markagailua bere alde izateaz gain, estatistikak ere aldeko ditu; izan ere, 2012tik donostiarrek ez dute markagailua alde zuten kanporaketarik galdu.

Bi partidako kanporaketetan aurretik jartzea aipatu kanporaketa hori gainditzearen sinonimotzat jo daiteke Realaren kasuan, azken urteetan, bederen. Hala, txuri-urdinek joaneko norgehiagoketetan lortutako aldeko emaitza horiek baliatu zituzten, besteak beste, Valladoliden eta Vila-realen aurrean joan zen denboraldian, eta Oviedoren aurka, duela hiru denboraldi.

Gauza bera egin zuten Racing eta Algecirasen kontra 2013/2014 denboraldiko kanporaketetan edota Granadaren aurrean 2011/2012 denboraldian.

Alabaina, urte hartan orain arteko azken aurrekari negatiboa jasan zuten donostiarrek, Mallorcarekin lehiatutako kanporaketan. Joaneko neurketan 2-0 irabazi zieten balearrei Donostian, baina bueltakoan hondamendia etorri zitzaien txuri-urdinei, 6-1 galdu baitzuten eta txapelketatik at geratu baitziren.