Itxi

Reala

Norvegian

Reala final hamaseirenetan da, Rosenborgi irabazi ostean (0-1)

Agentziak | Erredakzioa

Mikel Oyarzabalek egin du partidako gol bakarra 89. minutuan. Donostiarrek Zenit hartuko dute Anoetan azken jardunaldian, multzoko lehen postua defendatzeko.

  • Alvaro Odriozola baloi baten lehian. Argazkia: EFE

    Alvaro Odriozola baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Mikel Oyarzabalek azken minutuan egindako golak garaipena eman dio Realari Rosenborgen aurka Norvegian jokatutako partidan. Garaipen horri esker, donostiarrak hurrengo fasea jokatzea ziurtatu dute, eta multzoen fasea lidergoan amaitzeko aukera dute, Anoetan Zeniti azken jardunaldian irabaziz gero.

Donostiarrak jaun eta jabe izan dira berdegunean lehen minututik, Rosenborgen erasoa hasieratik eten dute eta lehen abisuak berehala eman dituzte, Willian Josek eta Juanmik egindako erremateen bidez. Hansen atezainak, baina, erantzun ona eman die.

Eusebioren taldeak partida kontrolatzen jarraitu du, baina norvegiarrek ere noizbehinka arriskua sortu dute, eta Anoetan gertatutakoa (4-0) euren ohiko jokoarekin bat ez datorrela agertu nahian.

Atsedenaldiaren atarian etxekoek aukera argia izan dute, Levik area kanpotik egindako erremate batekin, baina baloia gutxigatik kanpora joan da. Adegbenrok ere gol aukera izan du 43. minutuan.

Oyarzabalen gola

Bigarren zatian aukerak izan dira bientzat, baina Rosenborgek gogo gehiagoz jo du erasora, berdinketak Europatik kanpo uzten zituelako. Realak ere aurrera egin du, edozein jokalditan gola jaso zezakeelako, eta hurrengo fasera sailkatzeko helburua zaildu.

Azken minutuetan norvegiarrek erasora jo dute ideia handirik gabe, eta txuri-urdinak atzean sartu dira, sailkapena ematen zien puntua babesteko. Hala ere, kontraeraso batean, eta azken minutuan, garaipena eraman dute, Mikel Oyarzabalek egindako golari esker.

Fitxa teknikoa

0.- Rosenborg: Hansen; Hedenstad, Bjordal (Gersbach, 87. min), Reginiussen, Meling; Jensen, Rasmussen (Skjelvic, 77. min), Trondsen; Levi (Jevtovic, 64. min), Bendtner eta Adegbenro.

1.- Real Sociedad: Rulli; Odriozola, Navas, Martínez, Kevin; Illarramendi, Prieto, Canales (Zubeldia, 84. min); Oyarzabal, Juanmi (Carlos Vela, 60. min) eta Willian José (Jon Bautista, 75. min).

Golak: 0-1, 89. min: Oyarzabal.

 

L multzoko sailkapena

.1. Zenit S. Petersburgo      13 puntu

.2. Reala 12 puntu

.3. Rosenborg                     4 puntu

.4. Vardar                           0 puntu