Itxi

Reala

Lerkendal estadioan, 19:00etan

Hurrengo kanporaketarako txartela nahi du Realak

Agentziak | Erredakzioa

Txuri-urdinek Rosenborgen kontra nahikoa dute puntu bat lortzearekin sailkapena lortzeko, baina irabazi egin beharko lukete lehenengo postuaren lehian jarraitzeko.

  • Realak aise irabazi zion Rosenborgi multzoko joaneko partidan. Argazkia: EFE

    Realak aise irabazi zion Rosenborgi multzoko joaneko partidan. Argazkia: EFE

Realak Norvegiako txapeldun berria den Rosenborgi egingo dio bisita gaur Trondheimen, Europa Ligako hurrengo fasera sailkatzeko garaipenaren bila, eta, aldi berean, multzoko lehen postuaren lehian murgiltzeko.

Puntu bat nahikoa litzateke lehendabiziko asmoa gauzatzeko, baina emaitza horrekin, seguruena, multzoko bigarren izango litzateke, multzoko liderra den Zenitek bere egitekoa betetzen badu Vardar azkenaren aurka.

Errusiarrek Anoetatik pasatu behar dute oraindik; beraz, Norvegian irabazita eta azken jardunaldian Zenit etxean azpiratuta donostiarrek multzoko lehen postua erdietsiko lukete, baita diru-sarrera polit bat ere.

Eusebio Sacristanek zenbait aldaketa sartuko ditu hasierako hamaikakoan, Donostian geratu baitira Diego Llorente eta David Zurutuza (azken hori lesioagatik), eta, gainera, igandean Las Palmasen aurkako lehiari begira ari da zeharka.

Realeko entrenatzaileak Raul Navas jar dezake hasieratik defentsan, eta Sergio Canalesek Zurutuzaren lekua hartuko luke.

Norvegiarrei dagokionez, Rosenborgen kontuak garbiak dira: hurrengo faserako txartela lortu nahi izanez gero, Realari irabazi behar diote, baita Vardarri ere azken jardunaldian.

Balizko hamaikakoak:

Rosenborg: Hansen; Konradsen, Reginiussen, Skjelvik, Meling; Jensen, Rasmussen, Trondsen; Helland, Bendtner, Adegbenro.

Real Sociedad: Rulli; Odriozola, Navas, Martínez, Kevin; Illarramendi, Prieto, Canales; Oyarzabal, Januzaj eta Willian José.

Epailea: Daniel Stefanski (Polonia).

Zelaia: Lerkendal (Trondheim, Norvegia).

Ordua: 19:00.