Reala
Ligako 12. jardunaldia
Realak berdinketa lortu du Montilivin, partida lehiatu batean (1-1)
ERREDAKZIOA
Donostiarrak hasi eta berehala aurreratu dira (Willian Jose, 6. min), baina etxekoak kementsu azaldu dira bigarren zatian, eta berdintzea lortu dute (Stuani, 63. min).
Realak eta Gironak berdindu egin dute ostiral honetan, Montilivin, Ligako hamabigarren jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Norgehiagoka oso lehiatua izan da, eta donostiarrek irabazi egin ahal izan dute, baina Yassine Bounou 'Bono' etxekoen atezainak bere lana ondo bete du.
Txuri-urdinak partida hasi eta berehala jarri dira aurretik, ordura arte etxekoak presionatzen ibili badira ere. Gipuzkoarrak kontra-erasoan atera dira 6. minutuan, defentsan baloi bat lapurtu ostean. Oyarzabalek baloi ona jarri dio lerro artean Willian Joseri, eta brasildarrak jokaldi bikaina egin du area barruan gola sartzeko.
Gol goiztiar horrek Gironakoak piztu ditu, eta baloiaren jabetza eskuratu dute, baina arrisku larregi sortu gabe; izan ere, Pablo Maffeok area kanpotik egindako jaurtiketa batek baino ez du eraman benetako arriskua Gero Rulliren atera. Aitzitik, Reala izan da arrisku gehien eraman duena lehen zatian , Oyarzabalen eskutik, batez ere.
Bigarren zatian, ordea, Gironak hobeto heldu dio partidari, eta sakontasunez iritsi da ezker hegaletik Johan Mojicaren bidez. Nagusitasun horren adierazle izan da Portuk Rulliren aurrean edukitako abagunea, baina ez da asmatzeko gai izan. Hutsik egin ez duena Stuani bere taldekidea izan da, zeinak bigarren zutoinean buruz egin du gola, Portuk berak erdiratutako baloi bat sare barrura eramanda.
Txuri-urdinek ez dute berdinketa nahikotzat jo, eta azken 20 minutuetan erasokor jardun dute partida ona jokatu duten Januzaj eta Oyarzabalen gidaritzapean, baina etxekoen atezaina fin ibili da.
Azkenerako, norgehiagoka banakoarekin amaitu da. Gironak erreskadan lortutako hiru garaipenen bolada eten du, eta Realak ezin izan du puntua Europako postuetan kokatzeko baliatu.
Fitxa teknikoa:
Girona 1: Bono; Pablo Maffeo, Juanpe, Bernardo Espinosa, Marc Muniesa, Johan Mojica (Aday Benítez, 78. min); David Timor, Àlex Granell, Borja García, Portu; eta Cristhian Stuani.
Reala 1: Geronimo Rulli, Alvaro Odriozola, Diego Llorente, Iñigo Martinez, Kevin Rodrigues; Asier Illarramendi, Xabi Prieto, David Zurutuza (Igor Zubeldia, m. 64); Adnan Januzaj (Juanmi Jimenez, 80. min), Willian Jose eta Mikel Oyarzabal (Sergio Canales, 88. min).
Golak: 0-1, 6. min: Willian José. 1-1, 63. min: Cristhian Stuani.