Reala
3-1
Realak nagusitasunez irabazi du Eibarren aurkako derbia
Erredakzioa
Txuri-urdinek 3-1 irabazi diote talde armaginari Anoetan. Willian Jose, Januzaj eta Oyarzabal izan dira Realaren golegileak; Jordanek sartu du eibartarren gola.
-
REalak 3-1 irabazi dio Eibarri. Argazkia: EFE
Realak 3-1 irabazi dio Eibarri Anoetan jokatutako derbi gipuzkoarra. Txuri-urdinak nagusi izan dira hasieratik amaieraraino, eta Europako postuetatik bi puntura jarri dira sailkapenean. Eibar, aldiz, jaitsiera postuetatik bi puntura dago.
Eibarrek ondo ekin dio norgehiagokari, eta armaginek izan dute lehen abagunea; Kike Garciaren jaurtiketa, ordea, gelditu egin du Rulli atezainak. Hortik aurrera, Reala izan da nagusi. Txuri-urdinak baloiaren jabe egin dira, eta 12. minutuan, izan duten lehen abagunean, Willian Josek 1-0ekoa sartu du, Odriozolaren erdiraketa bikain errematatuta. Gola hartzeak min egin dio Eibarri, eta Mendilibarrek zuzentzen duen taldea ezinean ibili da. Horrela, 27. minutuan, Januzajek bigarrena egin du. Eibarrek kale egin du defentsan, Dmitrovic atezainak desbideratu egin du Januzajen lehen errematea, baina Realeko aurrelariak bigarrenean ez du barkatu.
Bigarren zatia hasi bezain laster, Realak neurketa erabakita utzi du Oyarzabalek 3-0ekoa sartuta. Armaginek kale egin dute berriro atzealdean, Oyarzabal bakarrik geratu da Dmitrovic atezainaren aurrean, eta bikain amaitu du jokaldia. Hortik aurrera, Realak kontrolpean izan du neurketa. Eusebiok zuzentzen duen taldeak gol gehiago sartzeko abaguneak izan ditu, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Eibarrek, aldiz, gutxi egin du erasoan, baina 73. minutuan armaginek aldea murriztu dute Joan Jordanen golari esker (3-1); erdiraketa ona egin du Jose Angelek, Jordanek area barruan kontrolatu du, eta baloia sare barrura bidali du. Azken minutuetan, Eibar bigarren golaren bila aritu da, baina Realak kontrolpean izan du partida, eta hiru puntuak talde txuri-urdinak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Iñigo Martinez, Kevin; Illarramendi, Zurutuza, Prieto; Januzaj (Vela, 73. min), Oyarzabal (Canales, 86. min), Willian Jose.
1.- S.D. Eibar: Dimitrovic; Capa, Gálvez, Lomban, Arbilla, Jose Angel; Jordán (Charles, 85. min), Rivera, Inui; Enrich eta Kike (Sarriegi, 60. min)
Epailea: Trujillo Suarez.
Golak: 1-0, 12. min: Willian Jose. 2-0, 27. min: Januzaj. 3-0, 46. min: Oyarzabal. 3-1, 71. min: Jordan.