Reala
ERREGE KOPA
Realak kanporaketa bideratu du Canalesen gol eder baten bidez (0-1)
ERREDAKZIOA
Sergio Canalesek areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batek garaipena eman die txuri-urdinei Lleidaren aurkako kanporaketan.
-
Sergio Canalesek Realaren gola sartu duen unea. Argazkia: EITB
Realak Lleidaren aurka jokatu duen lehen zati ona baliatu du Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partida irabazteko. Sergio Canalesek 32. minutuan areaz kanpotik indartsu jaurti du, eta baloiak katalanen atea zulatu du era ikusgarrian. Canales golik sartu gabe zegoen 2015eko abendutik.
Talde txuri-urdinak ez du ustekabekorik nahi izan, eta hasieratik ekin dio norgehiagokaren kontrola izateari, kontraerasoan aritzeko asmoz atzean gordeta egon den aurkariaren aurrean.
Januzaj belgikarrak 31. minutuan lehendabiziko aukera garbia izan du, baina haren errematea kanpora joan da gutxigatik. Alabaina, handik minutu batera Realaren gola heldu da, partidan izan den bakarra. Canalesek Lleidak aldendutako baloi bat berreskuratu du zelai erdian, kontrolatu eta bi aldiz pentsatu gabe indartsu jaurti du. Baloia Oliverosen ateko goiko txokoetako batetik sartu da, atezaina hura gelditzen saiatu den arren. Alferrik baina.
Bigarren zatia ere Realarena izan da hein handi batean, baina ez lehenengoan bezain argi, eta estualdi bat edo beste pasatu du.
Hartara, Lleidak lehia berdintzeko abagune garbi bat eduki du bigarren zatiaren hasieran, area hertzetik egindako Valienteren erremate batean, baina Gero Rulliren ordez aritu den Toño Ramirezek gelditu ona egin du denboraldiko bere estreinaldian.
Bigarren zati horretan, Juanmi eta Canales bera izan dira donostiarren arriskua eraman dutenak, baina markagailuak ez da aldatu.
Horrenbestez, Eusebio Sacristanen mutilek lan asko dute aurreratuta kanporaketa gainditu eta final zortzirenetan jarduteko.
Fitxa teknikoa:
Lleida Sportiu 0: Oliveros; Nuñez, Pumar, Valiente, Andriu Hernández; Trilles, Huertas (Molina, 57. min), Gnning; Nierga (Radulovic, min. 68), Agudo (Mugar, 57. min), Musa.
Reala 1: Toño; Gorosabel, Navas, Iñigo Martínez, De la Bella; Rubén Pardo (Guevara, 70. min), Prieto, Canales; Januzaj (Carlos Vela, 58. min), Juanmi, Oyarzabal (Bautista, 53. min).
Golak: 0-1, 32. min: Canales.
Epailea: Jaime Latre (Aragoiko batzordea). Txartel horiak: Nuñez, Radulovic eta Pumar (Lleida); Carlos Vela (Reala).