Reala
Anoetan
Illarramendiren gol batek puntu bat eman dio Realari Espanyolen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Mutrikuarra bere taldeak gehien behar zuenean agertu da, eta Januzaj belgikarrak egindako jokaldi paregabeari amaiera ezin hobea eman dio 68. minutuan.
-
Los jugadores de la Real celebrando su gol. Foto: EFE
Realari bi puntuk alde egin dizkiote berriz ere Anoetatik. Oraingoan, bakarra lortu ahal izan du, bana berdinduta bukatu baitute Realak eta Espanyolek, Reala denbora luzez galtzen joan ostean, Illarramendik 68. minutuan sartu duen gol bati esker. Talde katalanak, bere aldetik, etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du.
Txuri-urdinak moralez beteta heldu dira gaurko partidara, azken bi partidetan bi garaipen lortu ostean (Alavesen aurka Ligan eta Vardarren kontra Europa Ligan), eta zaleak ere sinetsita zeuden taldeak bolada txarra atzean utzita zuela, baina Espanyol norgehiagoka hasi bezain pronto jarri da aurretik markagailuan.
Leo Baptistaok sarera errematatu du Juradok brasildarraren buruan jarritako pase neurtua. Zortzigarren minutua zen.
Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeak lehia nahi zuen lekuan jarri du horrela, eta txuri-urdinen esku utzi du neurketaren pisu guztia. Realak itxura ona eman du hurrengo minutuetan, eta berdinketa lortzeko zorian egon da lehen zatiaren erdialdean, Carlos Velaren erasoaldi batean, baina katalanen atzeko lerroak ezerezean utzi du aukera hori azken unean.
Atsedenaldira heltzeko bi minuturen faltan, Mikel Oyarzabalen jaurtiketa apartak Pau Lopez Espanyoleko atezainaren geldiketa ikusgarria izan du erantzun gisa, zaleak gola ospatzear zeudela.
Bigarren zatiak lehen zatiaren joera bera izan du: Realaren nagusitasuna, Espanyol kontraerasoan ateratzeko gertu eta gol aukera urri. Horietako bat Mikel Oyarzabalek izan du, baina atezaina argi ibili da berriro.
Realak baloia bereganatu du, baina Espanyolek norgehiagoka kontrolpean zuela zirudien. Bere erritmoan ari zen jokatzen, komeni zaionean eten du jokoa, eta arriskutsu agertu da Realak baloia galdu duen bakoitzean.
Alabaina, 68. minutua bete denean, Illarramendik gola egin du, Januzaj belgikarrak egindako jokaldi paregabeari amaiera ezin hobea emanez.
Gol egin ondoren, partida parekatu egin da zelai erdian, eta ez da arrisku aukera gehiago egon, nahiz eta Reala gehiago saiatu den. Azkenerako, txuri-urdinek lau partida daramatzate jarraian etxean irabazi gabe. Lehiaren amaieran, epaileak Illarramendi golegilea kaleratu du, bigarren txartel horia erakutsi ondoren.
Fitxa teknikoa:
Reala 1: Rulli; Odriozola, Llorente, Iñigo Martínez, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Prieto (Canales 73. min); Carlos Vela (Januzaj, 58. min), Oyarzabal eta Willian José (Juanmi, 77. min).
Espanyol 1: Pau López; Víctor Sánchez, David López, Hermoso, Aarón; Jurado (Granero, 81. min), Javi Fuego, Darder; Piatti (Didac Vila, 77. min), Leo Baptistao (Sergio García, 66. min) eta Gerard Moreno.
Epailea: Melero López (Andaluziako batzordea). Txartel gorriak: Illarramendi (90. min). Txartel horiak: Oyarzabal, Rulli, Jurado, Darder, David López eta Aaron
Golak : 0-1, 8. min: Leo Baptistao. 1-1, 68. min: Illarramendi.