Reala
3-0, Ciutat de Valencian
Realak merezita galdu du Levante on baten aurrean
Erredakzioa
Eusebio Sacristanen taldeak ez da bere jokoa egiteko gai izan, nahiz eta markagailua hutsean egon denean aukerak izan dituen aurretik jartzeko.
-
Morales penaltiz sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 3-0 galdu du lehen mailara itzuli berria den eta bolada onean dagoen Levanteren aurka. Txuri-urdinek, horrenbestez, bigarren porrota pilatu dute jarraian.
Galdu arren, Eusebiorenek ez dute norgehiagoka txarra egin Ciutat de Valencia zelaian, baina azken metroetan zorrotzago aritzea falta izan zaie. Levantek, bere aldetik, oso serio jardun du, eta bere aukerak aprobetxatzen jakin du denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko.
Partida hasi eta berehala, Levantek arriskua sortu du Moralesek ezker hegaletik egindako barneraketa baten bitartez. Dena den, Reala ez da kikildu, eta, minutuek aurrera egin ahala, baloiaren jabetza bereganatu du. Aukera onenak, dena den, geldikako jokaldietan etorri dira, batez ere Llorentek eta Aritz Elustondok buruz bukatu dituzten bi jokalditan.
Muñizek entrenatzen dituen mutilek ez dute erreparorik izan baloia Realari uzteko, ondoren kontraerasoan lotsarik gabe ateratzeko. Hartara, partida hasi eta ordu laurdenera, aukera bikoitza izan du Levantek, Toñok lehenengo eta Jasonek gero egindako jaurtiketen bitartez, baina Rullik geldiketa bikoitza egin du, eta arriskua aldendu.
Atsedenaldira hutsean helduko zirela ematen zuenean, etxekoen zentralak, Chemak, sartu duen gol aparta heldu da. Moralesek egindako erdiraketa bat boleaz errematatu du area ertzetik, eta 1-0ekoa jarri du markagailuan.
Bigarren zatia lehendabizikoaren antzera hasi dute, baina Juanmik alferrik galdu du lehen abagune argia.
Jarraian, Levantek bere aukera izan du, baina Campañak ez du asmatu Rulliren aurrean bakarrik geratu denean.
Ondoren, Realak baloiaren kontrola bereganatu eta Levante bere arean sartu du, baina ez du jakin nagusitasun hori baliatuz aukera garbiak egiten, eta ez du arriskurik eraman etxekoen atezainaren inguruetara.
Txuri-urdinek arrisku handiagoak hartu behar izan dituzte, eta horrek Levanteren kontraerasoak ahalbideratu ditu. Halako erasoaldi batean, Moralesek penaltia atera dio Odriozolari, eta Moralesek berak sarera bidali du.
Partida erabakita geratu da, baina oraindik Levanteren hirugarrenak etorri behar zuen. Realaren area ertzean adierazitako falta bat aprobetxatuz, Bardhi mazedoniarrak halako jaurtiketatan duen iaiotasuna erakutsi du. Jokaldi horretan, epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Llorenteri, eta, beraz, Realeko atzelariak zelaia utzi behar izan du.
Fitxa teknikoa:
3 - Levante: Raul Fernandez, Pedro Lopez, Postigo, Chema, Toño; Rober Pier, Campaña (Doukoure, 66. min), Bardhi; Jason (Ivi, 35. min), Morales (Samu Garcia, 81. min) eta Alegria.
0 - Reala: Rulli, Gorosabel (Odriozola, 66. min), Elustondo (Canales, 71. min), Llorente, De la Bella; Illarramendi, Zubeldia, Xabi Prieto, Juanmi, Vela eta Willian José (Bautista, 58. min).
Golak: 1-0, 45. min: Chema. 2-0, 75. min: Morales, penaltiz. 3-0, 89. min: Bardhi, faltaz.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Chema eta Bardhi (Levante). Llorenteri txartel gorria atera dio 88. minutuan, bigarren txartel horia erakutsi ondoren.
akutsi ondoren.