Itxi

Reala

Garaipena Deporren aurka

Realak urrezko hiru puntu lortu ditu Anoetan (1-0)

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrak 1 eta 0 gailendu dira Coruñako Deportivoren aurka Willian Josek 27. minutuan egindako golari esker.

  • Willian Jose eta Xabi Prieto, partidako gol bakarra ospatzen. Argazkia: Efe.

    Willian Jose eta Xabi Prieto, partidako gol bakarra ospatzen. Argazkia: Efe.

Reala Europako postuetan sartu da berriro, behin-behinekoz, Deportivori Anoetan 1 eta 0 irabazi ostean eta Eibarren eta Athleticen arteko derbian gertatzen denaren zain. Partidako gol bakarra Willian Josek egin du lehen zatian.

Donostiarrek bizi-bizi hasi dute neurketa, aurkariari arnas egiteko aukerarik eman gabe, eta lehen aukera argia 10. segundoan izan dute. Oyarzabalek pase ederra eman dio Xabi Prietori eta kapitainaren burukada kanpora joan da oso gutxigatik.

Minutuek aurrera egin ahala erritmoa apur bat jaitsi da, galiziarrek ez dituzte hainbeste estualdi pasa, eta irudi hobea eman dute. Deportivok emaitza onak lortu ditu Donostian 2011. urtetik.

Baina hobekuntza horrek gutxi iraun die Pepe Melen jokalariei. 27. minutuan, Yurik baloia areara erdiratu eta Willian Josek gola sartu du burukada ikusgarri baten bidez. Brasildarrak lortzen duen hamaikagarren gola da.

Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Deportivo estu eta larri ibili da, Rulliren areara iritsi ezinda, eta Realak ia minutu guztiak aurkariaren zelaian jokatu ditu. Hala ere, 2 eta 0ekoa egiteko oso aukera gutxi izan dituzte, eta azken minutuak luze egin zaizkie.

 


t="utf-8">
  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Futbola
  • Reala