Itxi

Reala

Garaipena, Betisen aurka

Reala nagusi, joko gutxi eta gol asko izan dituen partidan (2-3)

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek beste hiru puntu lortu dituzte eta sendo dira Ligako talde onenen parean. JonBautistak eta Xabi Prietik (bi) egin dituzte txuri-urdinen golak.

  • Realeko jokalariak, Xabi Prietoren lehen gol ederra ospatzen. Argazkia. Efe.

    Realeko jokalariak, Xabi Prietoren lehen gol ederra ospatzen. Argazkia. Efe.

Realak hiru puntuak eraman ditu Benito Villamarin futbol zelaitik (2-3) eta Txapeldunen Ligako postuetan da, oraindik jokatzeke dauden jardunaldiko beste partidetan geratzen denaren zain.

Betisek gogo handia jarri du zelaian, baina ez ditu izandako aukerak aprobetxatu. Eusebiorena, aldiz, ondo landutako taldea da eta ez du ate aurrean barkatu.

Willian Jose eta Juanmiren bajek aukera eman diote Jon Bautista gazteari hasierako hamaikakoan sartzeko, eta ondo baino hobeto aprobetxatu du aukera hori, partidako lehen gola berak egin baitu bederatzigarren minutuan. Gol ikaragarri polita.

Betisek ez du neurketa txarto hasi baina gol horrek min egin dio. Hala ere, andaluziarrak arriskua sortzeko gai izan dira, batez ere korner eta falta jaurtiketetan, eta horrelako jokaldi batean iritsi da banakoa. Aïssa Mandi algeriarrak egin du gola, txilena eder baten bidez.

10 minutu geroago, Xabi Prietok aurretik jarri ditu berriro donostiarrak, urrutitik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Gol ederra sartu du kapitainak.

Sanabriaren eta Prietoren golak

Bigarren zatian, andaluziarrek ez dute amore eman eta ahaleginak saria izan du 65. minutuan, Sanabriak buruarekin egindako erremate batean. Binakoa jarri du markagailuan Betiseko jokalariak.

Baina Realak azken hitza esan nahi izan du. Nahi, eta lortu. Xabi Prietok hirugarren eta azken gola egin du, bere bigarrena, buruz egindako erremate baten bidez, eta hiru puntuak Donostiara joan dira.

 

Fitxa teknikoa

2 - Betis: Adán; Rafa Navarro, Mandi, Pezzella, Tosca, Durmisi; Petros (Joaquín, 66. min), Brasanac (Donk, 86. min), Dani Ceballos, Jonas Martin (Tonny Sanabria, 22. min); eta Rubén Castro.

3 - Reala: Rulli; Odrizola, Raúl Navas, Íñigo Martínez, Yuri; Illarramendi, Xabi Prieto, Zurutuza (Granero, 81. min); Canales (Oyarzabal, 66. min), Jon Bautista (Rodrigues, 77. min) eta Carlos Vela.

Golak: 0-1, 9. min: Jon Bautista. 1-1, 16. min: Mandi. 1-2, 26. min: Xabi Prieto. 2-2, 65. min: Sanabria. 2-3, 72. min: Xabi Prieto.

 


>