Reala
2-2
Realak eta Eibarrek bina berdindu dute Anoetako derbian
Erredakzia
Txuri-urdinak aurretik jarri dira Juanmiren golarekin eta armaginek lehia berdindu dute Escalanteren bitartez. Velak 2-1ekoa sartu du penaltiz, baina Pedro Leonek binakoa (2-2) egin du 93. minutuan.
-
Reala-Eibar (2-2) partidako irudia. Argazkia: EFE
Realak eta Eibarrek bina (2-2) berdindu dute astearte honetan Anoetan jokatu duten derbian. Norgehiagoka joan-etorrikoa izan da, bizia eta polita ikusleentzat. Zoritzarrez Undiano Mallenco epaileak protagonismoa bilatu du erabaki oso txarrak hartuta.
Partidako lehen abagunea Realak izan du. Lehen minutuan Juanmiren jaurtiketa Yoel atezainak arazorik gabe geratu du, eta bi minutu beranduago Ruben Peñak gutxigatik kanpora bidali du errematea. Jarraian, talde armagineko atezainak txuri-urdinen gola eragotzi du Velaren falta jaurtiketari erantzun ona emanda. Abagunerik gabeko minutu batzuen ostean Realak markagailuan aurrea hartu du; Odriozolak erdiraketa egin du hegaletik eta Juanmik 1-0ekoa sartu du. Gola hartu ostean Eibarrek berdinketaren bila jo du, eta 24. minutuan aukera bikoitza izan dute armaginek: Rullik Inuiren errematea desbideratu du lehenik eta jarraian Yurik Eibarren gola eragotzi du Peñaren errematea kornerrera desbideratuta. Korner horretan armaginek gola sartu dute Escalanteren bitartez (1-1). Atsedenaldira iritsi orduko Yurik eskuarekin moztu du baloia area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi.
Bigarren zatia hasi bezain laster Lejeunek bigarren txartel horia ikusi du, eta egotzia izan da. Eibar hamar jokalarirekin geratu da. Neurketako 53. minutuan Oyarzabalek abagune argia galdu du jaurtiketa Yoel atezainaren eskuetara bidalita. 58. minutuan, ordea, Reala izan da hamar jokalarirekin geratu dena Juanmik bigarren txartel horia ikusi baitu. Undiano Mallenco epailea protagonista bilakatu da Anoetan eta 66. minutuan txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du; Iñigo Martinez lurrera joan da area barruan Yoelen aurrean eta Velak 2-1ekoa sartu du penaltiz. Jokaldi horretan Jose Luis Mendilibar entrenatzailea egotzi du epaileak. Eibarri maldan gora jarri zaio norgehiagoka eta Realak lehia erabakita uzteko aukera izan du 84. minutuan, baina Oyarzabalen errematea gora joan da Velaren pase on bat jaso ostean. Eibarrek ez du etsi azken unera arte eta 93. minutuan Pedro Leonek binakoa (2-2) egin du area barruan baloia jaso eta Rulli atezaina gaindituta. Amaieran, puntu banaketa Anoetako derbi gipuzkoarrean.
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Rulli; Odriozola, Iñigo Martinez, Navas, Yuri, Illarramendi, Zurutuza (Granero, min. 60), Xabi Prieto; Juanmi, Vela (Canales, min. 86) eta Oyarzabal.
2 - S.D. Eibar: Joel; Ramis, Luna, Dani Garcia, Arbilla; Florian Lejeune, Pedro Leon, Escalante (Sergi Enrich, min. 73); Peña (Bebe, min. 83), Rivera eta Inui (Dos Santos, min. 55).
Golak: 1-0, min. 14: Juanmi. 1-1, min. 26: Escalante. 2-1, min.68; Carlos Vela, penaltiz. 2-2, min. 92: Pedro Leon.
Epailea: Undiano Mallenco.