Reala
Errege Kopa
Realak final-zortzirenetarako txartela lortuta agurtu nahi du urtea
Erredakzioa
Valladolid izango du aurkari gaur, 20:00etan, Anoetan. Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partida 1-3 irabazi zuten txuri-urdinek.
-
JOaneko Valladolid-Reala partidako irudia. Argazkia: EFE
Realak bi goleko abantailarekin ekingo dio Valladoliden aurka jokatuko duen Errege Kopako final-hamaseirenetako itzulerako partidari. Norgehiagoka gaur jokatuko da, 20:00etan, Anoetan.
Eusebio Sacristan entrenatzaileak Willian Jose jokatzeko prest izango du. Aurrelaria taldeko golegile nagusia da, eta baja izan da azken egunetan min harturik egon delako. David Zurutuza ere hamaikakora itzuli daiteke, baina Granerok ere hasieratik jokatzeko aukerak ditu Granadaren aurkako lehian eskaini zuen maila ona ikusita. Mikel Gonzalez edo Joseba Zaldua hamaikakoan sar daitezke orain arte minutu asko jokatu dituzten jokalariei atseden emateko.
Valladolidek, bestalde, urtea sentsazio onekin bukatu nahi du Bigarren Mailako azken jardunaldian porrota jaso baitzuten Getaferen aurka. Jakitun dira ia ezinezkoa dela Anoetan aurkako 1-3koa iraultzea, baina sailkapena lortu ez arren, Lehen Mailako talde bati irabazita amaitu nahi dute 2016a. Orain arte minutu gutxien izan dituzten jokalariez osatuko du hamaikakoa Paco Herrera entrenatzaileak.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Rulli; Zaldua, Navas, Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Granero edo Zurutuza, Prieto; Juanmi, Vela eta Willian Jose.
Valladolid: Pau Torres; Markel, Rafa, Alex Perez, Angel; Leao, Alex Lopez, Sergio Marcos, Jordan edo Míchel; De Tomas eta Jose.
Epailea: Undiano Mallenco.
Zelaia: Anoeta.
Data eta ordua: Asteartea, 20:00etan.