Reala
Landutako garaipena
Reala-Vila-real B (2-1): Lehen Mailatik hurbilago
Sara Lavado
Erredakzioa
Aurrerapauso handia eman dute txuri-urdinek Anoetako partida irabazita. Xabi Prieto eta Mikel Gonzalez izan dira golegileak.
Urrezko hiru puntu batu ditu Realak etxean Vila-real B taldea 2-1ko emaitzarekin mendean hartuta. Landutako garaipena izan da, asko sufritu dute.
Lasarteren gizonek lehen zati kaskarra jokatu dute. Bisitariek baloiaren jabetza eskuratu dute hasieratik eta arrisku handia sortu dute. Dena den, Reala izan da markagailua estreinatu duena, 17. minutuan. Epaileak Xabi Prietori egindako zalantzazko penaltia adierazi du eta jokalariak berak hamaika metroetatik sartu du 1-0ekoa, Panenka erara. Golak konfiantza handia eman dio taldeari eta hor ikusi ahal izan dira Realaren minutu onenak, baina 31.ean partida orekatu du Vila-real Bk penaltiz. Del Cerro Granderen ordaina zen eta Marco Rubenek ez du kale egin. Sentsazioak ez ziren batere onak.
Baina txuri-urdinak indartsu zelairatu dira atsedenaldiaren ondoren eta eskainitako irudia goitik behera aldatu da. 55. minutuan markagailuan aurretik jarri du Mikel Gonzalezek Reala (2-1): alboko sake bat eta arrasatearrak bigarren zutoinean errematatu du. Txuri-urdinek hirugarrena nahi zuten norgehiagoka erabakita uzteko. Ez da horrela izan eta sufrimendua protagonista izan da amaiera arte.
Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Zubikarai; De la Bella, Ansotegi, Labaka, Mikel Gonzalez; Rivas, Aranburu, Griezmann (Agirretxe, 90''), Xabi Prieto, Zurutuza (Elustondo, 71''); Carlos Bueno (Nsue, 77'').
1.-Vila-real:Juan Carlos; Oriol, Catala, Mussacchio, Kiko; Matilla, Marcos (Costa, 64''), Cristóbal, Jefferson Montero, Nacho Insa ( Gerard 59'') eta Marco Ruben.
Golak:
1-0, 18'': Xabi Prieto.
1-1, 33'': Ruben.
2-1, 55'': Mikel Gonzalez.