Reala
Ruiz de Loperan
Reala: Erabakita uzteko parada
Ander Altuna
Zubieta
Puntu premia handiagoan da Betis. Igoerako borrokatik kanpo geratuko litzatekeen huts eginez gero. Realak, aldiz, urrats erabakiorra eman nahi du.
Ibili gorabeheratsua
Lasarterenak ez daude kriskitinak jotzeko moduan. Jokoan izan diren azken 24 puntutatik 10 baino ez dituzte batu eta golak sartzeko ezina areagotu egin da gainera tarte horretan. Dena den, kontrarioek ezin izan dute ahulezia hori baliatu eurak ere makal antzean dabiltzalako, Betis kasu. Joan diren zortzi asteetan 10 puntu atera ditu lau berdinketa eta bi garaipeni esker. Hau da, Realaren zenbaki berberak. Taldeko izar nagusiak, Sergio Garcia goleatzaileak min hartuz geroztik, andaluziarrak hainbestean aritu dira bost jardunaldi behar izan dituztelako garaipenaren zaporea berriz dastatzeko. Eraginkortasuna galdu dute azken metroetan, partidak erabakitzeko ahalmena. Sevillako taldeak ez du erakutsi aurreikusten zitzaion sendotasuna, batez ere, etxetik kanpo. Hala ere, bistan da goi mailako jokalariak dituztela multzoan 64 minutuz behin gola sartzen baitute. Ruiz de Loperan gainera, 10 gol baino ez dituzte jaso 18 partidatan. Aintzat hartzeko estatistikak donostiarrentzat.
Aspaldiko sarrerarik oparoena espero da futbol zelaian. Betisen web orrialdean irakur daitekeenez, sarreren salmenta geldiezina izaten ari da eta 50.000 kartulina banatuko dituzte zaleen artean mosaiko bat osatzeko, "Lortuko dugu" goiburupean. Eremu lokaztua zapalduko du Realak igandean inondik ere. Era berean, aurrerapauso erabakiorra emateko aukera izango dute. Cartagenaren kontrakoan, antzerako ezaugarriak zituen norgehiagokan, erakutsi zuen lokatz artetik salbu ateratzen badakiela. Horri eutsi behar dio.