Itxi

Reala

Partida zaila

Reala: Rayo, gorabeheratsua bezain arriskutsua

Ander Altuna

Zubieta

Mailari eusteko borrokan, uste baino traketsago ari dira madrildarrak. Oreka ezak egin die min. Golak erraztasunez sartzen dituzte, baita jaso ere.

Indartsu ekin zion denboraldiari Rayo Vallecanok eta berehala kokatu zen lehendabiziko postuetan. Gainera, Reala edota Athletic kopatik kanporatzeko gai izan zen joko ona erakutsiz. Guztion ahotan zegoen hautagaia zen, ezbairik gabe, baina asteen poderioz desegiten hasi eta usteak ustelak izan dira azkenerako. 14. jardunaldian neurtu zituzten indarrak Vallecasen txuri-urdinek eta madrildarrek neurketa zirraragarri batean. Hartatik, bataren eta bestearen ibilia oso bestelakoa izan da. Zortzi neurketa egin zituen Rayok partidarik irabazi gabe, non, lau puntu eskas baino ez zituen urratu eta otsailean Pepe Mel kargutik kentzeko erabakia hartu zuen zuzendaritzak puntu lehorte hori argudiatuz. Ustegabeko beherakada horren erantzuleetako bat jokoaren oreka eza da. Batetik, inork baino gol gehiago sartu du: batezbeste 1,6 partida bakoitzeko eta 15 jokalarik lortu dute kontrako atea zulatzea. Zifra bikainak. Joan den urtean igoerako postuetatik gertu amaitu zuten 70 puntu batu ostean eta zenbakiok oso antzerakoak dira. Hori bai, defentsako lanean dago aldea, ez baita batere eraginkorra izaten ari: 1,4 gol neurketako. Albacetek, Castellonek eta Cadizek soilik jaso dituzte gol gehiago, behe-beheko postuetan hirurak ere. Desorekatua dago guztiz balantza.

Felipe Miñambres idazkari teknikoak hartu zuen Melen lekukoa taldea biziberritu asmoz. Aldaketa ez da eragingarria izan ordea, 11 puntu baino ez dituelako lortu bederatzi partidatan. Hori dela medio, jaitsiera postuetatik urruntzeko borrokan sartuak daude eta aparteko sufrikariorik izango ez duten arren, hori dirudi behintzat, bi eta bi ez dira beti lau izaten joko honetan. Irabaztera etorriko dira beraz, eta bere ibilbidea ikusita, inoiz ezin da jakin aurretik jakin zer egingo duen talde horrek. Fidakaitz jardutea komeni zaio Realari, garaipena eskuratzea oso garrantzitsua bailitzatekeen.