Itxi

Reala

Entrenamendua, ateak itxita

Cartagena-Reala: Zalantza zaharrak berri atepean

Ander Altuna

Zubieta

Gai horren inguruan zer pentsatua bazuela esan zuen Lasartek Albaceteren kontrakoaren ostean, lurperatutako duda biziberrituz.

Zalantza iturri izaten jarraitzen du atezainaren gaiak Zubietan. Bravok min hartu eta gero, azken unean jakinarazi zion Lasartek Zubikarairi berak jokatuko zuela eta oraingoan ere, orduko gidoi berbera errepikatuko du entrenatzaileak. Horri buruz galdetuta, Asier Riesgok dio "orain aste batzuk bezala gaude. Entrenatzaileak ez digu ezer esan eta ez dirudi esango digunik". Bien arteko lehiakortasuna areagotu asmoz atzeratu ohi du bere erabakia uruguaitarrak, baina debakoak ez du ezkutatu berari zer gustatuko litzaiokeen. "Ez jakiteak ez gaitu urduritzen. Hala ere, ez dakit onuragarria ote den ala ez. Gu biok nahiago dugu aurrez jakin". Kontratuari dagokionez, berririk ez. Hori bai, bataren eta bestearen arteko hartu emana ez da hasiera batean bezain mikatza. "Sarritan hitz egiten dugu eta laguntasun giroan gainera. Oraindik ez dut ezer erabaki eta ez dakit zer komeni zaidan", onartu du atezainak.

Xabi Prietorentzat bestetik, aspaldiko partez etxetik kanpo irabazteko "unerik egokiena" litzatekeen Cartagenaren kontrakoa eta antsietaterik sentitzen ez dutelakoan ziur agertu da.

Ateak itxita aritu dira txuri-urdinak eta bihar beste horrenbeste egingo dute. Ondoren mintzatuko da hedabideen aurrean Lasarte. Berdeguneko lanari dagokionez, gainontzeko taldekideekin batera aritu da Griezmann aste honetan aurrenekoz.