Itxi

Reala

Min hartuta

Carlos Bueno: "Azkenengo lau partidak jokatu nahi ditut"

Ander Altuna

Zubieta

Taldeko sendagileak baino baikorrago azaldu da uruguaitarra. Uste du osaketa epea murrizteko modua izango duela.

Carlos Buenok ez du amore eman nahi eta ligako azken txanpa ez duela galduko ziur agertu da gaur Zubietan. "Uste nuena baino hobeto sentitzen naiz eta horrek indar handia eman dit errekuperazio lanari ekiteko. Uste dut epeak murriztuko ditudala eta hiruzpalahu neurketa faltan berragertzekotan naiz", azaldu du. Sei astez edo atseden hartu beharraz hitz egin zioten taldeko sendagileek, baina berak ez du tarte horretaz hitz erdirik entzun nahi. "Hala balitz, denboraldiak egin du niretzat. Inork baino hobeto ezagutzen dut neure burua eta direnak eta bi egingo ditut ahal bezain laster bueltatzeko".

Bestalde, Albaceteren kontra jokatu ostean, Lasarte entrenatzaileak adierazi zuen atezainaren gaiaren inguruan burua astindu behar zuela berriz ere, hortaz, zalantzak itzuli dira: Riesgo ala Zubikarai ? Ondarrutarra gizabidez mintzatu da prentsa aretoan. "Entrenatzaileak du azken hitza. Indibidualizatzeko joera dago futbolean, baina hau talde bat da eta interes pertsonalek ez dute ezertarako balio".

Berdeguneko lanari dagokionez, Agirretxe, Zurutuza eta Martinez taldera itzuli dira.