Itxi

Reala

Aukera berria

Reala: Agirretxeren txanda da

Ander Altuna

Zubieta

Buenok ez du gehiago jokatuko eta usurbildarrari dagokio golak sartzeko ardura. "Txanpa erabakiorrenean parte hartzeko irrikaz nago" dio Agirretxek.

Ate bat ixtearekin batera beste bat zabaldu ohi dute lesioek. Futbola bezain zaharra da hori. Joan den urtean Diaz de Ceriok hartu zuen min, lesio zakarra gainera, eta Imanol Agirretxeren esku geratu zen aurreneko taldean tokia egiteko aukera. Ederki asko baliatu zuen. Gaur gaurkoz, Buenoren oinazeak ahalbidetuko dio hasierako taldera bueltatzea. "Carlosen lesioarekin aukeratxo bat sortzen zait eta guztion artean helburua gauzatzen ahalegindu behar gara. Txanpa erabakiorrenean sartuta gaude eta parte hartzeko irrikaz nago", adierazi du aurrelari usurbildarrak.

Bigarren itzulia aurrenekoa baino gogorragoa izaten ari da txuri-urdinentzat. Lesio garrantzitsuak, etxetik kanpoko komeriak eta azken aldian golak sartzeko ezina. Azken lau neurketetan gol bakarra sartu dute. "Kostatzen ari zaigu, baina aukerak gutxienez sortu ditugu eta horrek garrantzia handia du, aukerak sortzean irabaztetik gertuago zaudelako. Dena den, azkenaldiko bolada txarra ahaztu behar dugu eta kontuan izan urte osoan zehar maila onean aritu garela eta Cartagenan partida borobila joka dezakegula".

Hain justu, Anoetatik kanpoko emaitza eskasek zer pentsatua eman diote Lasarteri eta entrenatzaileak berak adierazi du joko sistema alda dezakeela. Horregatik, baliteke bi aurrelarirekin aritzea Cartagenan. Bata Agirretxe izango litzatekeen, beste, berriz, Nsue. Azken honek prentsa aretoan zioen, "punta-puntan aritu naitekeela pentsatzeak ilusioa piztu dit. Golak sartzeko zailtasunak ditugu, baina ziur naiz bolada eskas bat baino ez dala eta Cartagenan irabaz dezakegula".

Bihar itzuliko da Griezmann

Zubietan izango da etzi borgoñarra, espero baino lehenago. Lagunarteko bi partida jokatu behar zituen Frantziako 19 urtez azpiko selekzioak Montenegrokoaren kontra, baina azken hauek ezin izan dute bidaiatu errauts lainoak hegaldietan eragindako zailtasunengatik. Azkenerako, Paris FC, hirugarren mailako taldeak hartu dio lekukoa gaur arratsaldeko hitzordua bertan behera gera ez zedin.