Itxi

Reala

0-1

Realak Las Palmasen aurka galdu eta bolada txarrean jarraitzen du

Erredakzioa

Txuri-urdinek partida kaskarra jokatu dute Anoetan eta 0-1 galdu dute. Willian Josek sartu du partidako gol bakarra, 38. minutuan. Rullik penalti bat geratu du, baina ezin izan du porrota eragotzi.

  • Illarramendi eta Viera. Argazkia: EFE

    Realak 0-1 galu du Las Palmasen aurka. Argazkia: EFE

Realak 0-1 galdu du Las Palmasen aurka Anoetan eta bost jardunaldi jarraian daramatza garaipena lortu gabe. Partida kaskarra jokatu dute txuri-urdinek eta Anoetan bildu diren zaleek txistu artean agurtu dute taldea.

Txuri-urdinek erasora jotzeko gogoz ekin diote partidari, baina ez dira abagune argirik sortzeko gai izan. Las Palmasek, abagune argia izan du lehen erasoaldian; Iñigo Martinezek falta egin dio area barruan Aythami Artilesi eta epaileak penaltia adierazi du. Vierak egin du jaurtiketa eta Rullik talde bisitariaren gola eragotzi du, jaurtiketa aldenduta. 12. minutuan geratatu da jokaldia eta ordutik aurrera, Las Palmas izan da nagusi. 36. minutuan berriro Rulli izan da protagonista. Realeko atezainak gol argi bat eragotzi du, baina 38. minutuan ezin izan du ezer egin Willian Joseren falta jaurtiketaren aurrean (0-1). Iñigo Martinezek hanka gehiegi jaso du area barruan baloia aldentzerakoan eta Mateu Lahoz epaileak falta adierazi du, joko arriskutsuagatik. Atetik oso hurbil egon da falta, eta Realeko defentsak ezer gutxi egin ahal izan du gola eragozteko.

Las Palmasen golak min egin dio Realari eta Eusebiok zuzentzen duen taldea ez da erantzuteko gai izan. Gainera, talde bisitariak bigarren gola sartzeko abagunea izan du atsedenaldira iritsi baino lehen, baina Rullik desbideratu egin du El Zharren jaurtiketa.

Bigarren zatian, Reala saiatu da berdinketa bilatzen, baina ia ez du abagunerik sortu. 48. minutuan izan du partida berdintzeko aukera, baina Jonathasek huts egin du ate guztia berarentzat izan duenean. Jarraian, Oyarzabalek egin duen jaurtiketa indartsua, Navas atezainak desbideratu du. Ordutik aurrera Las Palmas izan da nagusi, eta partida erabakita uzteko aukera izan du Quique Setienek zuzentzen duen taldeak; berriro ere, ordea, Rullik Las Palmasen bigarren gola eragotzi du.

Partidako jokaldi polemikoa 70. minutuan iritsi da. Zurutuza lurrera joan da area barruan eta Realak penaltia eskatu du, baina Mateu Lahoz epaileak ez du ezer adierazi. Norgehiagokako azken minutuan, talde bisitariak bigarren gola sartu eta partida guztiz erabakita uzteko aukera izan du, baina Dani Castellanoren errematea, oso gutxigatik kanpora joan da.

Fitxa teknikoa:

0.- Reala: Rulli; Elustondo (Carlos Martínez, min. 72), Reyes, Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Pardo (Granero, 76. min), Xabi Prieto (Zurutuza, 61. min); Oyarzabal, Vela eta Jonathas.

1.- U.D. Las Palmas: Javi Varas; Javi Garrido, Lemos, Aythami, David García; Roque Mesa, El Zhar (Nili, 73. min), Tana (Montoro, 77. min), Momo (Castellano, 86. min), Jonathan Viera; Willian Jose.

Epailea: Mateu Lahoz.

Gola: 0-1, 38. min: Willian Jose.

: Willian Jose.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala