Reala
Anoetan
Oyarzabalen bi gol, eta hirugarren garaipena jarraian (3-0)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Realak sailkapenean gora egiten jarraitzen du, Anoetan Granada mendean hartu ostean. Mikel Oyarzabal gazteak bi gol egin ditu; eta Jonathasek, bat.
Realak bolada onean jarraitzen du. Donostiarrek Granadari irabazi diote 3-0, Mikel Oyarzabalen aste magikoan. Harrobiko gazteak bi gol egin ditu eta zaleen txalo-zaparrada jaso du zelaitik atera denean. Oyarzabalek kontratua luzatu berri du Realarekin 2021eko ekainera arte.
Neurketako lehen minutuak oso nahasiak izan dira, joko oso gutxikoak. Presio estua, eta huts egite ugari. Granadak abisua eman du 12. minutuan, Ricardo Costak buruarekin egindako erremate baten bidez. Gero Rulli bikain aritu da baloia kornerrera bidaltzeko.
Gauzak goitik behera aldatu dira 20. minutuan, Mikel Oyarzabalek sartutako golari esker. Txuri-urdinen lehen aukera argia izan da. Aurrelari gazteak ia angelurik gabe egin du errematea, Yurik erdiraketa egin ostean. Aurretik, Prietoren erremateak zutoinean jo du.
Golaz baliatuta, Realak partida kontrolpean hartu du, baina aukera gehiagorik sartu gabe, Andaluziarrek, berriz, aurrera jo dute atsedenaldiaren atarian. Baina gola, Realak egin du. Jonathasek bikain errematatu du Carlos Velaren pasea.
Hasiera zoroa
Bigarren zatiak hasiera zoroa izan du. Reala hirugarren egitear izan da, zelai erditik bertatik, baina Andresek baloia desbideratzea lortu du, estu eta larri. Urrutiko errematea Pardorena izan da.
Velak eta Ricardo Costak aukera argiak izan dituzte ondoren, baina gutxigatik baloia ez da ate barruan sartu. Oyarzabal izan da hutsik egin ez duena. Illarramendik falta bat atera du, baloia Velari eman, eta mexikarrak atzera egindako pasea Oyarzabalek hartu du Realaren hirugarrena egiteko. Neurketa borobila egin du harrobiko gazteak.
Reyes laugarrena egitear izan da 83. minutuan, baina atea hutsik zegoenean baloia kanpora bidali du. Luzapenean, andaluziarrek bi erremate langara bidali dituzte, bata bestearen atzetik.
Garaipen honi esker, Realak 30 puntu dauzka sailkapenean, Athleticek baino bost gutxiago, hurrengo igandean bi taldeek jokatuko duten derbiaren atarian.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Rulli: Elustondo, Mikel, Diego Reyes, Yuri; Illarramendi, Pardo (Bergara, 76. min), Xabi Prieto; Oyarzabal (Héctor, 88. min), Vela eta Jonathas (Bruma, 67. min).
0.- Granada: Andrés Fernández; Foulquier, David Lombán, Ricardo Costa, Biraghi; Rubén Pérez (Doucoure, 74. min), Fran Rico, Isaac Success, Rubén Rochina, Peñaranda (Cuenca, 63. min); El-Arabi (Barral, 63. min).
Golak: 1-0. 20. min: Oyarzabal. 2-0: Jonathas, 45. min. 3-0, 60. min: Oyarzabal.
Amaiera!!! Hirugarren garaipena jarraian!!! #RealSociedad 3 (@mikeloyar11 x2 eta @Jonathasjesus22) - @GranadaCdeF 0 pic.twitter.com/hK1nG7v9S0
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) febrero 14, 2016