Itxi

Reala

Adierazpenak

Aranburu (Reala): "Arduratsu jokatu behar dugu"

Ander Altuna

Zubieta

Ezer ez dutela lortu eta oraindik puntu asko jokoan daudela gogorarazi du kapitainak.

Albisteak (1)

Kaiolaren aurretik txoria erostea komeni. Ez alderantziz. Hain justu, sailkapenaren distirak ez itsutzean dago koska. Realak helmuga gertu du, baina oraindik ez du deus irabazi eta hortzak estutu ezean ez da aurkarien aurretik iritsiko. Betisen erreakzioa baino adibide argigarriagorik ez dago. Orain hilabete, Cartagenaren atzetik zegoen zortzi puntura eta egun, diferentzia oso-osorik jan dio. Zakur zaharrarekin ehiza hobea izan ohi da eta beterano batek, Aranburu kapitainak, ohartarazi du erlajazioak kalte baino ez diela egingo. "Arduratsu jokatu behar dugu. Ezin egokiago gaude kokatuta, baina lo hartzeak ez digu mesederik egingo".

Bistan da, aurtengo denboraldiak zerikusi gutxi duela iazkoarekin. 29 jardunaldiren ostean 10 puntu gehiago ditu pilatuak. Beste datu esanguratsu bat. 80. minututik aurrera bederatzi puntu eskuratu ditu talde txuri-urdinak. Ez du bakar bat bera ere galdu. Kasualitatea ote? Aranbururen arabera, "galdu baino irabazi gehiago egin dugu aurten azken minutuetan. Denboraldian zehar momentu klabe batzuk izaten dira eta zure aldeko badira puntuak ematen dizkizute. Horie esker eta beste zenbait gauzarik esker aurreneko postuan gaude".

Azpeitiarraz aparte, Claudio Bravo atezainak hitz egin du hedabideentzat. Bi hilabete barru Txileko selekzioarekin abiatuko da Hegoafrikara Munduko Txapelketa lehiatzera eta ordurako helburua patrikaratuta izan nahiko luke. "Inoiz baino indartsuago gaude, erabat kontzentratuta", nabarmendu du.

Entrenamenduari dagokionez, Martinezek, De la Bellak eta Buenok euren kasara dihardute golpe ezberdinak tarteko. Levanteren kontrako lehia gogorraren oinazeak dira