Itxi

Reala

Plaza egokia

Salamanca-Reala: Aukera ona

Ander Altuna

Zubieta

Hamalautik sei partida galdu ditu Salamancak Helmanticon eta etxean puntu gutxien pilatu duen bosgarren taldea da.

Etxeko partidak irabazteko arazo franko du Salamancak. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten: puntu gutxien batu duen bosgarren taldea izateaz gain, Helmanticon jokaturiko azken sei neurketetatik bi berdinketa (Castello eta Cadizen aurka, biak era jaitsiera postuetan) urratzeko gai baino ez da izan.

Hori dela eta, garaipena eskuratzeko plaza egokia izan daitekeela uste dute txuri-urdinek. Gainera, 2000 jarraitzailetik gora izango da harmailetan. "Aldez aurretik begiratuta ez dirudi aukera txarra. Gogotsu gaude eta helburua irabaztea izango da. Zaletu asko egoteak ere laguntza emango digu. Ea aukera hori aprobetxatzeko gai garen abantaila mantendu edo areagotzeko", adierazi du Mikel Aranburuk. Horretarako, azken asteetan etxetik kanpo erakutsitako irudia hobetu behar du Realak. Castello, Vila-Real, Vigo, Murcia, Girona... trakets aritu da horietan guztietan, nahiz, zenbakie erreparatuz gero, ibiliak oso bestelakoa dirudien. Kontrarioei dagokienez, Cartagenak baino ez du puntu gehiago eskuratu. "Puntu aldetik onentsuenetarikoa gara, baina joko aldetik ez gara etxean bezain sendoak eta aurrera atera ditugun partidak kostata izan dira. Zer hobetua badugu", erantsi dio kapitainak.

Aranbururekin batera, Carlos Buenok hitz egin du gaur. Munduko txapelketa lehiatzeko ia aukerarik gabe geratu ondorenean "aste gogorra" igaro duela onartu du aurrelariak. "Zerrenda erabakiorra jakin arte ez dut itxaropena galtzen. Aurreko astea ez zen goxoa izan niretzat, neurri batean, motibo horregatik". Agirretxek hartu zuen haren tokia Numantziaren kontra. Ea noren aldeko apustua egiten duen Lasartek Salamancan.